Link interesgarriak
Atzealdea Burutu dira Kilimon ibaiaren horma berreraikitzeko lanak
2023·02·14
Burutu dira Kilimon ibaiaren horma berreraikitzeko lanak
- Petrila 71,51 metrotan desmuntatu dute eta kota berrian berreraiki, 12 metroko mailan guztia, hormak zuen maila altuena berdinduz. Helburua da urak gutxiagotan gainditzea horma.
- Horrez gain, bi moto-bonba erosi dira eta bat auzoan bertan utzi da auzotarren esku. Aldi berean uholdeen aurrean jarduteko protokoloa lantzen ari da Udala auzotarrekin zein gainerako erakundeekin elkarlanean.
URA Uraren Euskal Agentziak Kilimon ibaiaren gainezkatzea mugatzeko horma berreraikitzeko lanak burutu berri ditu.
Uraren Euskal Agentziak Mendaroko Kilimon ibaiaren egoera, mekanismoa eta uholde-joerak aztertu zituen. Azterketa horren ondorioa izan zen uholdea bi arrazoirengatik gertatu ohi dela bereziki: Deba ibaiaren mailagatik, Kilimoi ibaiko ur-emaria irtetea eragozten duelako, bertako ur-lamina handituz, eta euri-uren sarea kargan sartzen delako, eta ezinezkoa delako auzora bertara erortzen diren euriak hustea.
Jarduketak oso mugatuak izan daitezke, eta egingarriena eta bideragarriena gainezkatze-atalasea igotzea dela ondorioztatu zuten, Garagartza auzoko ibilguaren luzetarako hormaren kota handituz, urak gutxiagotan gaindi dezan. Horretarako petrila 71,51 metrotan desmuntatu dute eta kota berrian berreraiki, 12 metroko mailan guztia, hormak zuen maila altuena berdinduz.
Neurri horren eraginkortasuna bermatzeko, eremuko euri-uren sarearen funtzionamenduaren azterketa osagarri bat egiten dihardu Udalak, haren gaitasuna egiaztatzeko eta ekaitz-tanga bat instalatzeko aukera aurreikusteko, sarearen edukierarik ezagatik (udal-eskumeneko jarduketa) auzoa urpean gera ez dadin.
Horrez gain, bi moto-bonba erosi dira eta bat auzoan bertan utzi da auzotarren esku. Aldi berean uholdeen aurrean jarduteko protokoloa lantzen ari da Udala auzotarrekin zein gainerako erakundeekin elkarlanean.
Mendaroko Udalak, horrela, kasu honetan URA Agentziarekin elkarlanean, Garagartzako auzotarren ongizatea eta segurtasuna bermatzeko lanekin jarraitzen du.