Eusebio Muguerza

Eusebio Muguerza "Mendaro Txirristaka"

1.874. urteko abenduaren 15ean jaio zen, Barberokuako errotan, Kilimon erreka ondoan kokatua eta horregatik “Duque del Quilimon” izeneko gaitzizena ipini zitzaion.

Horrela abesten zuen bere jaiotza: “Confesión General” izeneko bertsoak:

Zortzi seme eta hiru alabak
ziren mundura ekarriak
bere gurasoak Pedro eta Juana
zorionekoak biak
panaderian etxean eta
errotan hiru harriak
astoak eta zaldi bikaina
uztarria eta behiak
Mila zortzirehun hirurogeita
amalaugarren urtean
ohi naiz Mendaron jaio nintzana
Garagartzako partian
Mutil koxkorra urteak zazpi
kunplitu gabe artean
kapelauari meza laguntzen
nion konbentu batean

Mundu asko ezagutu zuen: Donostian eta Afrikan egon zen, Cubako gerratean soldadu gisa parte hartu zuen, ondoren Amerika zeharkatu zuen Patagoniaraino helduz.

Bertsolari baino gehiago, “bertso-paperak” idazten aritu zen. Idatzi ondoren, herriz herri saltzen zituen, hortarako lehenik abestu egin behar zituelarik. Xabier Lete, Julen Lekuona eta Antton Valverde gisako abeslariek beren kantaldietan Txirristakaren bertsoak eraman zituzten.

Semiversos izeneko bertsoen errege ere izan zen (erdia erderaz eta beste erdia euskaraz idatzitako bertsoak), politika alorreko aipamenak nahasten zituelarik, gai intra-erotikoak eta beste gai batzuk ere, umorea emanez.

En el barrio de Amara
Lolitan etxean (en casa de Lolita)
dan tripacallos con un cuartillo
errial batian (a un real)
además hay derecho
meriendatzian (al merendar)
de hacerle un zirri a la criada
atian atzian. (detrás de la puerta)

1.974. urtean, bere jaiotzaren ehundakakoan, Mendaroko herriak omenaldi bat egin zion, “bertso-paperek lehiaketa” bat ospatuz, 37 bertso bildumak parte hartu zutelarik. Era berean, Zabala aitak MENDARO TXIRRISTAKA izeneko liburu bat argitaratu zuen, bere bertsoak barneratzen dituena.

1.999.ko abenduaren 15ean, bere jaiotzaren 125. Urteurreuna ospatzeko, Mendaroko Udalak, hitzaldi bat antolatu zuen, “Mendaro Txirristaka”-ren bizitza eta obraren ingurukoa, D. Antonio Zabalaren kargu, eta bertso-paper lehiaketa berri bat antolatu zen, saria 100.000 pztakoa zelarik eta Ekaiz Goikoetxea, beasaindar “bertsolari” berriak irabazi zuen.