Link interesgarriak
2021·03·24
Zabalik dago Mendaroko euskara eskoletan izena emateko epea
- Ikastaroa apiriletik ekainera bitartean egingo da eta euskara hutsetik ikasi nahi duten pertsonei zuzenduta dago.
- Izen ematea martxoaren 31a baino lehen egin beharko da; Mendaron erroldatuta daudenentzat kuota 10€koa izango da, gainerakoentzat 20€koa.
UEMA eta Arno Guraso Elkartearekin elkarlanean, zabaldu berri da Mendaroko euskara eskoletan izena emateko epea. Ikastaroaren helburua da euskara ez dakiten pertsonei hizkuntza ikasteko erraztasunak eskaintzea eta, bide batez, euskara ikastera animatu eta hizkuntzaren erabilera indartzea.
“Mendaro herri euskalduna da, baina udalerri guztietan bezala, badira oraindik euskara ez dakiten pertsonak. Horregatik, ikastaro hauen bitartez, gure helburua da pertsona horiengana heltzea, euskara ikasteko aukera eskaintzea eta gure hizkuntzarekiko interes eta grina piztea, modu horretara, herrian hizkuntzaren erabilera zabalduz eta indartuz”, azaldu dute Udaletik.
Ikastaroa apiriletik ekainera burutuko da, astean bi egunez eta arratsaldeko ordutegian, hain zuzen 14:30etatik 16:30era. Plazak mugatuak izango dira eta gehienez 12 ikaslerentzako lekua egongo da. Taldea, izen-ematearen hurrenkeraren arabera osatuko da.
Pertsona interesdunek, hilaren 31a baino lehen eman beharko dute izena, kultura@mendaro.eus helbidera idatziz edota 943 033 282 zein 685 720 010 telefonora deituz. Ikastaroaren prezioa 10€koa izango da Mendaron erroldatuta daudenentzat, gainerakoentzat, aldiz, 20€.