Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Uztailaren 27an lehiaketa ezberdinetan hartu ahalko dute parte Mendaroko kuadrillek
2024·07·10
Uztailaren 27an lehiaketa ezberdinetan hartu ahalko dute parte Mendaroko kuadrillek
Paella lehiaketa, txapeldunen lehiaketa eta playback lehiaketa egingo dira Santa Anetako kuadrilla egunean
Bazkal orduan emango zaie txapelketei hasiera, Paella lehiaketaren bitartez. Lehiaketara 14 urtetik gorakoek eman ahalko dute izena, pertsonako bost euro ordainduz. Uztailaren 14era arte edukiko dute kuadrillek Uztargi, Ormola eta Aitz Beltz tabernetan izena emateko aukera. Paellarako arroza eta oilaskoa banatuko zaie kuadrillei, eta 13:00etatik 14:30ak arte izango dute bazkaria prestatzeko denbora. Epaileek puntuak emango dizkiete partaide guztieri: Kuadrilla irabazleak 40 puntu lortuko ditu, eta hurrengo sailkatuek aurrekoak baino puntu bat gutxiago jasoko dute, beheranzko ordenean.
Bazkarian zehar, baina, beste norgehiagoka bat ere izango da. Puntuaketa sistema berdinaren bidez, txapelik originalena duten kuadrillak baloratuko dira, eta gehienez 20 puntu egongo dira jokoan.
Gauean playback lehiaketa egingo da 23:00etan. Kuadrillaka egingo den lehiaketa honetarako parte-hartzaileek ez dute aurretiaz izenik eman beharko. 22:30etan eszenatokira hurbildu beharko dira USB batekin, beraien kantua bakarrik gordetzen duena, mp3 formatuan. Playback onena egiten duen kuadrillak 40 puntu irabaziko ditu, eta beste lehiaketetan bezala, sailkapenaren hurrenkeran banatuko dira gainontzeko puntuak. Kasu honetan, irabazleak sari sorpresa bat ere jasoko du.
Hiru lehiaketetan parte hartu duten kuadrillen artean hiru sari banatuko dira. Puntu gehien lortu dituen kuadrilla irabazleak 400 euroko ordainsaria jasoko du. Bigarren postuko kuadrillak 300 euro jasoko ditu, eta hirugarrenekoak 200 euro.
Argazkia: Barren.eus.