Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Unai Mendizabal Jauregik irabazi du Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sari nagusia
2026·07·06

Unai Mendizabal Jauregik irabazi du Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sari nagusia
Epaimahaia Amaia Agirre, Mikel Arrillaga eta Irune Basagoiti bertsolariek osatu zuten
Mendaroko Udalak eta In Leike kultur elkarteak antolatutako Txirristaka Bertsopaper Lehiaketako sari banaketa ekitaldia egin zen ekainaren 19an Mendaron. Aurtengo edizioak parte-hartze handia izan du, guztira 112 lan aurkeztu baitira: 98 A kategorian, 2 B kategorian eta 12 kategoria nagusian (C kategoria).
C kategoria (kategoria nagusia)
Kategoria nagusian, Unai Mendizabal Jauregi zizurkildarraren Abiadura handiko txikizioa bertso-sorta izan da irabazlea. Bertso-sortak AHTren obrek eragindako ondorioak gertutik eta sentiberatasunez jorratzen ditu. Mendizabalek garaikurra eta 1.000 euroko saria jaso zituen.
Bigarren saria Ekaitz Goikoetxea Asuabarrena beasaindarrarentzat izan zen, Orain badakizu lanagatik, umetan sexu erasoak jasan zituen emakume baten ikuspegitik osatutako sorta. Saridunak garaikurra eta 500 euro jaso zituen.
B kategoria
2008 eta 2011 urteen artean jaiotako gazteei zuzendutako kategorian bi lan aurkeztu ziren. Epaimahaiak, ordea, saririk ez ematea erabaki zuen.
A kategoria
2012an edo ondoren jaiotako haurrei zuzendutako kategorian 98 lan aurkeztu ziren. Horien artean, Nora Garate Larrañaga elgoibartarraren Palindromo maitea bertso-sorta izan zen irabazlea. Amarekiko miresmena, esker ona eta zor sentimendua ditu ardatz lanak. Garatek garaikurra eta 100 euroko kultura bonoa eskuratu zituen.
Bigarren saria Hiart Larrañaga Gonzalez mendaroarrarentzat izan zen, Gerra lanagatik. Munduko gatazka guztiak amaitzearen aldeko mezua zabaltzen du sorta honek. Sariduna ezin izan zen ekitaldira bertaratu, eta haren izenean Anitz Ezenarrok jaso zuen saria. Larrañagak garaikurra eta 50 euroko kultura bonoa jaso zituen.
A kategoriaren barruan aipamen berezia ere banatu zen. Anitz Ezenarro Narbaizak jaso zuen aitortza hori, Amets ahaztezina lanagatik. Epaimahaiak bereziki azpimarratu ditu egilearen originaltasuna eta ideien sormena.
Argazkiak: Barrena