Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatuko ditu aurten ere

.

2025·03·05


Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) beste behin udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu 2025ko udarari begira. Bi txanda eskainiko dira aurten: lehena ekainaren 22tik 30era eta bigarrena uztailaren 2tik 10era. Izena emateko epea martxoaren 1ean zabaldu eta martxoaren 31n amaituko da.

Udalekuak aurten ere ibiltariak izango dira, eta gazteek Baliarraindik Idiazabalera egingo dute ibilbidea. Ekimena Tolosaldean hasiko da eta Goierrin barrena igaroko da, Zaldibian eta Ataunen geldialdiak eginez; herri horietan bina gau pasatuko dituzte parte-hartzaileek. Udalekuek 60 gazterentzako lekua eskaintzen dute txanda bakoitzean, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat. Helburua udalerri euskaldunetako gazteen artean euskararen inguruko sentsibilizazioa, kontzientziazioa eta sare-lana sustatzea da.

UEMAren lan ildo nagusietako bat da herritarrak euskararen inguruan kontzientziatzea eta sentsibilizatzea. Horren harira, erakundeak Hedatu hezkuntza-proiektua jarri du martxan euskararen arnasguneen eta udalerri euskaldunen garrantzia azpimarratzeko. Proiektu horren baitan, UEMAko teknikariak hainbat ikastetxetan ari dira lanean, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasleekin, baita irakasle eta gurasoekin ere. Helburua da gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten funtsezko papera erakustea.

Proiektu hori are gehiago indartzeko eta hezkuntza arautuaren mugak gainditzeko, azken urteotan UEMAk udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Helburu nagusia gazte euskaldunek kontzientziarako urratsa eman dezaten bultzatzea da, horrek euskararen erabileran eragin biderkatzailea izan dezakeelako. Udaleku hauen bidez, aisialdiari eta euskal kulturari lotutako egitarau erakargarri baten bidez, gazteen sentsibilizazioa eta saretzea sustatu nahi da.

Aurten, iaz bezala, bi txanda izango dira eta 2007 eta 2010 urteen artean jaiotako gazteek izango dute parte hartzeko aukera. Ekimenak, aurreko urteetan bezala, formatu ibiltaria izango du: Baliarrainen hasi eta, Zaldibia eta Ataun zeharkatu ondoren, Idiazabalera iritsiko dira. Herri bakoitzean bi gau pasatuko dituzte parte-hartzaileek, eta udalerri batetik bestera oinez egingo dute bidea.

Parte hartu nahi duten gazteek UEMAk horretarako prestatu duen galdetegia bete beharko dute.

UEMAren webgunea duzue informazio gehiago.