Link interesgarriak
Atzealdea Udalak Herriko Enparantzako luminarien ordez LED motako argiak jarriko ditu, iraunkorragoak
2023·02·24
Udalak Herriko Enparantzako luminarien ordez LED motako argiak jarriko ditu, iraunkorragoak
- Inbertsioa 7.240,50 eurokoa da, BEZ gabe.
- Udalak uste du energiaren % 60 baino gehiago aurreztuko duela, eta, horrez gain, ingurunea jasangarriagoa egingo duela, argiztapenaren kalitatea hobetuko duela eta instalazioaren mantentze-lanen kostuak murriztuko dituela.
Mendaroko Udalak energia-auditoria bat eta argiteria publikoko instalazioak optimizatzeko plan bat egin zituen 2022an. Helburu nagusia argiteria publikoko udal-instalazio guztiak ikuskatzea izan da, energia-eskariaren ezaugarriak identifikatzeko, gabeziak aurkitzeko, hobetzeko aukerak ebaluatzeko, energia eraginkortasunez kudeatzeko sistemak ezartzeko eta kostua murrizteko. Energia-eraginkortasuna hobetzeko eta faktura elektrikoa aurrezteko proiektuan aurrera egiteko aukera ematen duen plana da.
Azterlanak ekintza-plan bat jasotzen du, eta bertan zehazten du egin beharreko lehenengo jarduketetako bat Herriko Enparantzako argiak ordezkatzea dela, energia-eraginkortasun txikia baitzuten.
Guztira, plazako 8 faroletako argi guztien ordez LED motako beste batzuk jarriko dira. 18 argi guztira. Ordezkapen lanak hasi dira eta datozen egunetan amaitzea espero da. Inbertsioa 7.240,50 eurokoa da, BEZ gabe.
Udala herriko argiztapena hobetzeko hurrengo jarduketen prestaketan murgilduta dago. Proiektu honekin, Udalak uste du energiaren % 60 baino gehiago aurreztuko duela. “Gainera, argi horien ordezkapenak ingurunea jasangarriago egiten du, argiztapenaren kalitatea hobetzen dute eta instalazioaren mantentze-kostuak murrizten dituzte; izan ere, LED teknologiako luminariek bizitza baliagarri luzeagoa dute, energetikoki eraginkorragoak dira eta argi-fluxuaren berehalako erregulazioa ahalbidetzen dute”, Iñaki Arregui alkateak azaldu duenez. “Bestalde, azpimarratu behar da aurrezpen horrek atmosferara isurtzen diren berotegi-efektuko gasak murriztea eta argi-kutsadura murriztea ekarriko duela”.