Udalak HABErekin batera Euskara Eskola irekitzea lortu du Mendaron
2021·11·17
Udalak HABErekin batera Euskara Eskola irekitzea lortu du Mendaron
-
Udalak apiriletik ekainera bitartean lehen aldiz garatu zuen prestakuntza-ikastaro bat, eta bertan parte hartu zuten hiru lagunek euskara ikasten jarraitzen dute gaur egun Euskaltegian. Guztira, gaur egun, 5 lagunek jasotzen dituzte eskolak Mendaroko Euskaltegian.
Mendaroko Udalak, HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearekin batera, Euskara Eskola martxan jartzea lortu du Mendaron. Gaur egun 5 ikaslek parte hartzen dute, 2 orduko klaseekin aste tarteko egun guztietan.
Aurreko urrats gisa, Udalak, UEMArekin eta Arno Guraso Elkartearekin elkarlanean, euskara ikasteko ikastaro bat jarri zuen abian apiriletik ekainera. Apiriletik ekainera bitartean egin zen ikastaroan 11 pertsonak hartu zuten parte. Astean bitan elkartzen ziren, bi orduz euskara ikasteko. Ikastaroan parte hartu zuten hiru lagunek euskara ikasten jarraitzen dute gaur egun Euskaltegian.
Iñaki Arregi alkateak azpimarratu duenez, “Udalak euskararen alde egiten duen apustua irmoa da eta udalerrian euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko pausoak ematen jarraitzen dugu, herritarrei euskara ikasteko tresnak eskainiz”.