Berriak
Atzealdea Txatxilipurdi elkarteak bideratuta Mendaroko aisialdi hezitzailea berpizteko helburua duen prozesua martxan jarri da
2025·02·04
Udalari Herrian aisialdi hezitzailean lan egingo duen eragile bat izatea estrategikoa iruditzen zaio, Herri Hezitzailearen baitan izan dezakeen garrantziagatik, Mendaroko biztanleen atxikimenduan bidea egiteko eta herriko aisialdiko ekipamenduak herriko eragile batek kudeatzeko.
Ekimen hau gauzatze aldera “Herriko haur eta nerabeekin aisialdian eragin nahi? Berpiztuko dugu Trikixapo?” gazteekin topaketa antolatu da Udaletxeko Arno aretoan otsailaren 10, 17 eta 24an, arratsaldeko 17:30etatik 20:00etara.
Mendaron, herriko haur eta nerabeekin garatuko den aisialdi eskaintza eta herriko ekipamenduak kudeatu ditzakeen aisialdi elkarte edo eragile bat eratzeko prozesua garatzea da helburua.
Mendaro, Oinherri Herri Hezitzaileen Sareko kide izanik, marko horretatik abiatu da, Aisialdi hezitzailea ere, filosofia lurreratzeko estrategia moduan ulertuz.
Prozesuak 3 fase izango ditu eta une honetan 2. fasean dago. Lehenengo fasearen helburua herrian egon daitezkeen helduleku posibleek (euskara elkartea, guraso elkartea, gazte hezitzaile posibleak…) erronkaren aurrean kokatu eta duten jarrera aztertzea izan da, aurrera begira lurzoru komun eta egonkor bat izate aldera. Fase honetan 3 bilera izan dira: lehenengoan, Udal ordezkari eta teknikariaren artekoan, proposamena azaldu, kontrastatu eta formula ezberdinak proposatu dira; bigarrenean, gazte hezitzaile eta teknikariaren artekoan, Aisialdi Hezitzailearen kokapena, aukerak eta erronkaren aurkezpena egin da; hirugarrenean, azkenik, egitasmoa juridikoki kokatzeko aukerak aztertu dira.
Bigarren fasean, haur eta nerabeekin batera arituko diren hezitzaileek lan hezitzailea egiteko, hauen ahalduntzerako 3 orduko hiru formazio eta hausnarketa saio burutzea proposatzen da. Bertan, Aisialdi Hezitzaileaz, honek herri Hezitzaileen filosofian duen garrantziaz eta Mendaron egin daitekeenaz hausnartuko da.
Hirugarren eta azken fasean, aisialdiko elkarte edo eragile berriko kideei, Mendaroko aisialdiko zerbitzu finkoak kudeatzeko garatu beharreko proiektuan bidelaguntza eta aholkularitza eskainiko zaie.