Albisteak
Atzealdea

Santa Ana jairik ez dagoela gogorarazi eta arduraz jokatzeko deia luzatu die herritarrei Mendaroko Udalak

Iñaki Arregui, alkatea: “Santa Anak oso egun bereziak dira mendarotarrontzako, baina aurtengoan ez da tokatzen. Aurten musukoa erabili, distantzia mantendu eta elkar laguntzea da egin behar duguna”.

2020·07·22


Santa Ana jairik ez dagoela gogorarazi eta arduraz jokatzeko deia luzatu die herritarrei Mendaroko Udalak

  • Jai egunak izan beharko luketen datetan “errespetua eta ardura” gailentzea nahi du Udalak. Hori bermatzeko, Ertzaintzarekin elkarlanean, kale-kontrola areagotuko da, eta tabernen itxiera ordutegia 00:00etara mugatuko da.
  • Iñaki Arregui, alkatea: “Santa Anak oso egun bereziak dira mendarotarrontzako, baina aurtengoan ez da tokatzen. Aurten musukoa erabili, distantzia mantendu eta elkar laguntzea da egin behar duguna”.

 

2020a urte berezia ari da izaten. Uztailaren 26an Santa Ana Eguna izango da, baina Udalak ez du berau ospatzeko egitaraurik antolatuko, Covid-19ak eragindako egoera medio. Hala erabaki zuen herriko eragileez eta Udalak osatutako Jai Batzordeak. Iñaki Arregui alkateak adierazi eran, “herritarren segurtasuna bermatzea da gure lehentasuna, gure lan ororen premisa nagusia, eta herritarrei eskatu nahi diet helburu hori betetzen lagun diezagutela. Santa Anak oso egun bereziak dira mendarotarrontzako, baina aurtengoan ez da tokatzen. Aurten musukoa erabili, distantzia mantendu eta elkar laguntzea da egin behar duguna.”.

“Kontziente gara konfinamendu garai batetik gatozela, jendeak kanpora atera, eta eguraldia lagun gainera, herriaz, lagunez, familiaz, aisiaz… ohikotasunez jokatzeko gogoa duela. Baina egoera ez-ohiko batean gaude; koronabirusa gure artean da oraindik, eta kutsatzeak ekiditeko prebentzio, higiene eta segurtasun neurri oro betetzen jarraitu behar dugu”. Bide horretan, erantzukizunez jarduteko eskaera luzatu die herritarri: “norbanakoarena da ardura: maskara erabili behar dugu, segurtasun distantziak mantendu eta maiz desinfektatu. Hori jai giroan egitea eta bermatzea oso zaila da” berretsi du alkateak.

Jai egunak izan beharko luketen datetan “errespetua eta ardura” gailentzea nahi du Udalak. Hori bermatzeko, Ertzaintzarekin elkarlanean, kale-kontrola areagotuko da.

Tabernen irekiera ordutegia murriztuko da ere: 00:00etan itxi beharko dute egunotan. Taberna eta jatetxeetarako ezarritako neurri oro bete behar da. “Kontziente gara ostalaritza sektorearentzako oso egun garrantzitsuak direla jaiak, baina bidelagun izatea eskatzen diegu, orain arte egin duten eran. Egoera zaila da baina bat eginik egingo dugu aurrera”.

Mendaroko jai egunekin batera, inguruko hainbat herritan ere herriko festak izan ohi dira. Horren aurrean, inguruko herrietara ez jotzeko eskatu du alkateak: “Mendaron ez dago jairik, eta inguruko herrietan ere ez. Mugikortasuna mugatu behar dugu. Kutsatze kasuak ekidite aldera, herrian gelditu eta arduraz jokatu behar dugu, jende pilaketak ekidinez”.

Babes gaitezen Mendaro!