Link interesgarriak
Atzealdea Santa Ana baselizaren birgaitze lanak eten egin behar izan dira
2024·06·06
Santa Ana baselizaren birgaitze lanak eten egin behar izan dira
Teilatuko egiturako egurra espero baino egoera okerragoan topatu da, eta horrek obraren atzerapena eragin du.
Iazko udazkenean Gipuzkoako Ondare Historiko-Artistiko saileko arkitektoak Santa Ana baselizaren egoeraren azterketa egin zuenean ez zuen aberia handirik somatu: teilatua konpondu, egoera txarrean dauden egurrak aldatu eta beste lan osagarriren bat egitearekin nahikoa izango zela aurreikusi zen. Horregatik zaharberritze lanetarako kontratu txiki bat egin zen, “Egurki” enpresaren esku, teilatuaren azpiko taula kendu eta teila berria jartzeko aginduz, eta maiatzaren 24erako hasi ziren Santa Anaren zaharberritze lanak.
Lanak hastean, baina, teilatuko egurrezko egituraren egoera uste baino okerragoa dela jakin da. Teila azpiko taula kentzean ikusi da habeak pipiak janda daudela eta sekzioak oso finduta, beraz ezingo dira bere horretan mantendu. Bestalde, habe nagusiek ere errefortzuren bat beharko dutela uste dute adituek. Dagoeneko sakristiako teilatua bukatu da, teilatu nagusiaaren konponketak, ordea, luzeago jo beharko du.
Lanen kostua uste baino handiagokoa izango denez, hasiera batean kontratu txikiz egiteko lan bat zena lizitaziora atera beharko du Mendaroko Udalak. Proiektuaren idazketa martxan dago dagoeneko, baina ez da lehenago iragarri moduan uztailerako bukatua egongo. Enetz Ezenarrok dioenez, “Mendaroko Udalarentzat bereziki garrantzitsua da Santa Ana baselizaren birgaitze lanak egitea, badakigulako nolako balioa duen herritarrentzat. Espero ez genuen ezusteko bat izan da hau, eta ez da Santa Ana egunerako prest egongo. Hala ere, gure esku dagoena egingo dugu lanekin ahalik eta azkarren amaitu ahal izateko”.
Argazkiak: Jon Urbieta