Plaza auzotik Arnoate baserrira arteko landa-bidea eraberrituko du Mendaroko Udalak
2022·09·29
Plaza auzotik Arnoate baserrira arteko landa-bidea eraberrituko du Mendaroko Udalak
- Asfaltoa berrituko da gune ezberdinetan, zenbait puntutan ubidea egiteko aprobetxatuko dira lanak eta bazter-babesak jarriko dira, kurbak duen erorketa arrisku handiagatik. 103.576,17 eurotako aurrekontua dute, B.E.Z. barne. Lanak azarorako amaitzea aurreikusten da.
- Mendaroko Udalak 2021az geroztik, urtero, 150.000 euro inbertitzen ditu landa-bideen konponketa lanetan. Legealdian 450.000 euro inbertituko dira guztira landa bideen konponketan.
- Iñaki Arregui alkateak eta Mari Jose Telleria zinegotziak nabarmendu dute “fruituak eman dituen elkarlanaren emaitza da. Gure baserriak eta esplotazioak zaindu, lagundu eta sustatzea da jomuga”.
Plaza auzotik Arnoate baserriraino doan landa-bidea berrituko du Udalak datozen asteetan. Hala adierazi dute Iñaki Arregui alkateak eta Mari Jose Telleria zinegotziak.
Mendaroko Udalak 2021az geroztik, urtero, 150.000 euro inbertitzen ditu landa-bideen konponketa lanetan. Hala adostu zuten Udal Gobernuak (EAJ-PNV) eta PSE-EE oposizioko alderdiak 2021eko aurrekontuaren onarpenean. PSE-EE alderdiak egindako emendakin bat izan zen. Legealdian 450.000 euro inbertituko dira guztira landa bideen konponketan. Iaz, Alkorta, Sahatsu eta Aranerrekako herri bideak konpondu ziren. Aurten, jada, burutu da Goikolako bidearen eraberritzea, eta orain ekingo zaio Arnoaterako bidea konpontzeari.
Arnoate baserriraino Plaza auzotik doan bideak 5 kilometro luze ditu. Arnoate baserriaz gain, asko dira tartean dauden baserri eta esplotazioak (Emezabal, Oleaga, Etarte, etab.) Ia bere osotasunean hormigoizko bidea da, nahiz eta Plaza auzoko eremu batek eta baita bide tarte batzuek ere aglomeratuzko akabera duten.
Hainbat puntutan hormigoia hondoratua, eroria, hautsita eta pitzatua aurkitzen da, bai honen eguneroko erabileragatik, baita egungo hormigoia garai batekoa delako ere, gainera, armadurarik ez duen zorua da.
Arazo horiei konponbidea emate aldera, asfaltoa berrituko da gune ezberdinetan. Guztira 2.190 metro karraturi eragiten die aktuazioak. Bide osoa aztertu da eta lehentasunak eta beharrizan teknikoak ezarri dira. Zenbait puntutan ere ubidea egiteko aprobetxatuko dira lanak eta bazter-babesak jarriko dira, kurbak duen erorketa arrisku handiagatik.
Iñaki Arregui alkateak eta Mari Jose Telleria zinegotziak nabarmendu dute “fruituak eman dituen elkarlanaren emaitza da. Bi aldeok begi onez ikusi genuen urtez-urteko diru-partida zehatz bat ezartzea landa bideetan hobekuntzak egiteko. 2022 amaierarako 300.000 euro inbertituak egongo dira 2 urtetan. Gure baserriak eta esplotazioak zaindu, lagundu eta sustatzea da jomuga. Azpiegitura egokiak behar ditugu herri osoan. Horri erantzuten diogu lan-lerro honekin”.
Plaza auzotik Arnoate baserrira doan bidean egin nahi diren lanek 103.576,17 eurotako aurrekontua dute, B.E.Z. barne. Lanak azarorako amaitzea aurreikusten da.