Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Padel eta frontoiko erreserbak eta ordainketak web orriaren bitartez egiteko sistema martxan jarri nahi du Udalak

.

2025·02·12


Frontoiaren eta padel pistaren erabilera erreserbatu, ordainketa egin eta sarrerako giltzen kudeaketa Jubilatuen tabernaren bitartez egin izan du Udalak azken urteetan, tabernaren egutegi eta ordutegiak erabiltzaileentzat Udal bulegoek baino malgutasun eta erosotasun handiagoa eskaintzen zutela ulertuta.

Orain, ordea, malgutasun eta erosotasun horretan beste urrats bat ematea erabaki du Udalak herritarren hainbat eskaera kontuan hartuz, eta horretarako, batetik, bi ekipamendu hauetan sarrera kontrolerako zerraila elektronikoak instalatuko ditu, eta bestetik, zerraila hauekin integratutako software aplikazio bat jarriko da Udalaren web orrian erreserbak eta ordainketak egiteko. Modu honetan norbaitek bi instalazio hauetakoren batean egun eta ordu jakin baterako ordainketa egin eta erreserba burutzen duenean, telefono mugikorrera kode bat iritsiko zaio horren bitartez erreserbatuta daukan denbora tartean dagokion instalazioko atea ireki ahal izateko. Telefono mugikor egokirik ez dutenek, Udaletxeko sarreran jarritako eguneratze aparailu baten bidez eguneratu ahal izango den txartel bat lortzeko modua izango dute instalazio hauetako ateak irekitzeko. Mendaroko Gimnasioa arduratuko da kudeaketa guztiaz.

Funtzionatzeko modu hau martxan jarri aurretik Udalak beharrezko ikusi zuen bi instalazio hauen erabilera arautzeko ordenantza bat egitea. Parte hartze prozesu bat abiatu zuen lehendabizi, interesa zeukan edonork padel eta frontoiaren erabileraren inguruan ekarpenak egin zitzan. 14 lagunen ekarpenak jaso ziren eta ahal izan den neurrian, ekarpen horietan oinarrituta idatzi zen pasa den otsailaren 28ko Udalbatzak ahobatez onartu zuen ordenantza. Ordenantza osorik web orrian ikusgai dagoen arren honakoak dira bertan jasotzen diren erreserba egitearen inguruko neurriak:

  • 14 urtetik gorakoek erreserbatu ditzakete padel pista eta frontoia. Adin txikiagokoen kasuan adin nagusiko norbaiten bitartez egin beharko dute erreserba eta hau izango da instalazioak egoki erabiltzearen arduraduna
  • Egunean ordu bat edo bi erreserbatu ahal izango du erabiltzaile bakoitzak. Eta astean gehienez 3 egunetan.
  • Astebetera arteko orduak erreserbatu ahal izango dira gehienez.
  • Erabilera ordutegia: igandetik ostegunera 9-21 eta ostiral eta larunbatetan 9-22.
  • 48 ordu falta diren arte erreserba bertan behera utziz gero dirua bueltatuko da. Hortik aurrera ez.
  • Erreserba ordua amaitutakoan gauzak jaso eta pista utzi beharko da.
  • Mendaroko Udalak antolatu edo babestutako ekintzek lehentasuna izango dute instalazio horietan beste erabilera batzuekiko.

Ordaindu beharreko kopuruari dagokionez, urriko Udalbatzan onartutako prezio publikoa aplikatuko da: orduko 10 euro. Azken urteetan pandemia zela eta ezarritako prezioak lehengoratzea erabaki du Udalak honela.

Padelerako eta Frontoirako ez ezik zerraila elektroniko eta hauekin integratutako erreserba eta ordainketarako softwareari funtzionalitate gehiago ere ikusten dizkio Udalak eta aurrerantzean, poliki-poliki, hauen erabilgarritasuna beste zerbitzu batzuetara zabaltzea aurreikusten du. Esate baterako, kultur ekitaldietarako sarreren kudeaketa egiteko edo Udalak norbanako edo elkarteek erabiltzeko izan ditzakeen gela edo materialen erreserba eta kudeaketa egokia egiteko erabili ahal izango direla aurreikusten du.

Edozein kasutan, Udala jakitun da arrakala digitala dela eta kudeaketarako era honetako teknologien ezarpenak kolektibo ezberdinen arteko ezberdintasunak areagotzeko balio dezakeela batzuetan. Hori dela eta, egin daitezkeen erabilerak banan-banan aztertzeko asmoa erakutsi du, era horretako arazoak antzematerakoan, beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko, horrelako arrakalarik ematea saihestuz.