Albisteak
Atzealdea

Olatz Bizkarguenaga, zinegotzi berria Mendaron

Javier Muñozek kargua utzi ostean, Olatz Bizkarguenaga zinegotzi izendatu dute urtarrileko ohiko osoko bilkuran. Aurreko legealdian oposizioan egon ostean, berriro ere batuko da Gobernuko lan taldera.

2024·02·06


Olatz Bizkarguenaga, zinegotzi berria Mendaron

Javier Muñozek kargua utzi ostean, Olatz Bizkarguenaga zinegotzi izendatu dute urtarrileko ohiko osoko bilkuran. Aurreko legealdian oposizioan egon ostean, berriro ere batuko da Gobernuko lan taldera.

 

Azken osoko bilkuran aho batez onartu zen Olatz Bizkarguenaga udal zinegotzi gisa, eta Javier Muñoz ordezkatuko dut Mendaroko Udal Gobernuan.

Aurreko legealdian oposizioan egon zen Bizkarguenaga, eta EH Bildu alkatetzan egoteak ilusioa piztu diolako erabaki du berriro ere udalera itzultzea.

Lurraldetasun batzordean arituko da batik bat, etxebizitzari, ingurumenari edota ekonomia garapenari dagozkion gaietan. Zarautzko udaletxean hirigintzan aritu zen lanean duela urte batzuk, eta gaur egun, Azpeitiako udaletxean dabil lanean.

Erronka berria gogotsu hartu du Bizkarguenagak; eta argi dauka zeintzuk diren herriak dituen erronka nagusiak: “Etxebizitza parkea zaharkituta dago, eta eraberritzea ezinbestekoa da. Bestalde, ekonomia suspertzeko, jarduera eta neurri berriak hartu behar direla uste dut”.

Zinegotzi berriaren onarpenaz gain, ohiko osoko bilkuren data aldatzea ere erabaki zen azken udalbatzan. Orain arte, hilabeteko azken ostegunean burutzen ziren bilkurak; hemendik aurrera, ordea, azken asteartean izango dira. Gainera, urte askotako eskakizun bati erantzunez, bilkuren aktak osorik argitaratuko dira aurrerantzean. Jada eskuragai daude azken lau udalbatzetako aktak, Mendaroko Udalaren web gunean. Enetz Ezenarro alkatearen hitzetan: “Orain arte, akten laburpenak besterik ez ziren argitaratzen. Jendearen eskaria bazen aktak osorik argitaratzearena, eta horregatik egin dugu aldaketa. Aktak interesgarriak dira, hartutako erabakiak ikusteaz gain, alderdiek izan dituzten iritzi eta eztabaidak ere jasotzen dituztelako; gardentasun ariketa bat da, azken finean”.