Link interesgarriak
Atzealdea Mendaroko Zuhaitz Egunean 350 haritz eta pago landatu dituzte bertaratutako 50 herritarrek
2021·03·15
Mendaroko Zuhaitz Egunean 350 haritz eta pago landatu dituzte bertaratutako 50 herritarrek
- Guztira 175 pago eta beste 175 haritz landatu ziren pasa den martxoaren 13an Txitxirrika baserriaren gainaldeko udal lursailetan. Udalak herritarrei izandako parte-hartzea eskertu die.
- Helburua Mendaroko haurrei ingurumenaren inguruko kontzientzia, sentsibilitatea eta balioak txikitatik irakastea izan da, etorkizunera begira tokiko ingurumen zein espezie autoktonoak zaindu, errespetatu eta maite ditzaten.
Pasa den larunbatean, martxoak 13, Zuhaitzaren Eguna ospatu zen Mendaron. Horretarako, Udalak zuhaitz landaketa antolatu zuen Arno Guraso Elkartearekin batera, hain zuzen, Txitxirrika baserriaren gainaldeko eremuan dituen lursailetan.
Guztira 50 herritar inguruk hartu zuten parte. Bertan, Mendaro Ikastolako haur zein gurasoekin pagoak zein haritzak landatu ziren, espezie bakoitzeko 175 zuhaitz zehazki. Udalak herritarrei izandako parte-hartzea eskertu die.
Zuhaitz landaketaren helburua izan da landa ingurunearekiko zaintza eta sentsibilizazioa bultzatzea, bereziki adin txikitatik. “Garrantzitsua da haurrak ekologia eta ingurumenarekiko errespetuan eta zaintzan oinarrituta heztea haurrek ingurumenaren inguruko kontzientzia, sentsibilitatea eta balioak gara ditzaten. Zorionez oso ingurune aberatsa dugu eta hein handi batean, guri eta ondoren gure haurrei dagokie horren biziraupena bermatzea. Horregatik, horrelako landaketa ekintzen bitartez, ingurune hori zaintzen eta maitatzen ikasi eta irakatsi behar dugu, etorkizunera begira, umeek gurea den horren balioa errotuta izan dezaten eta gure ingurumen naturala zein espezie autoktonoak zaindu, errespetatu eta maite ditzaten”, adierazi du Iñaki Arregui alkateak.