Link interesgarriak
Atzealdea Mendaroko Udalak Euskarazko Ipuin Lehiaketaren XVII. edizioa jarri du abian, haur eta gazteei zuzendua
2021·11·12
Mendaroko Udalak Euskarazko Ipuin Lehiaketaren XVII. edizioa jarri du abian, haur eta gazteei zuzendua
- Lan guztiak 2021eko abenduaren 10a baino lehen entregatu behar dira.
- Lehiaketa hiru mailatan banatu du Udalak; maila bakoitzeko irabazleak tablet bat jasoko du sari gisa eta parte hartzen duten guztiei oroigarri bat emango die Udalak.
Mendaroko Udalak Euskarazko Ipuin Lehiaketaren XVII. Edizioa antolatu du, haurren eta gazteen irakurzaletasuna eta sormena bultzatzeko helburuarekin. Aurtengo edizioak hiru maila izango ditu eta bakoitzak ipuin mota bat aurkeztu beharko du.
A mailako haurrek, LH1, LH2, LH3 eta LH 4 mailakoek, ipuin bat irakurri eta ilustratu egin beharko dute: hau da, ipuinean kontatzen den istorioa marrazki baten bidez irudikatu. Marrazkiak A4 formatuan egin beharko dira, eta margo eta teknika guztiak onartuko dira. Ipuinaren kopiaren bat eskuratu nahi dutenek, udaletxean, ludotekan eta liburutegian dute eskuragarri.
B mailako gaztetxoek, LH 5, LH 6, DBH 1 eta DBH 2 mailakoek, ilustrazio bat ipuin bilakatu beharko dute: hau da, irudi edo ilustrazio bat oinarri hartu eta ipuin bat idatzi beharko dute. Ipuinak euskaraz idatzi beharko dira, eskuz edo ordenagailuz, eta gehienez bi orrialdekoak izan beharko dira. Kasu honetan ere, Udaletxean, Ludotekan, Gaztelekuan eta Liburutegian eskuratu ahal izango dira ilustrazioen kopiak.
Azkenik, C mailako gazteek, DBH 3 eta DBH 4 mailakoek, komiki bat osatu beharko dute. Horretarako, emango zaien komikiaren bunbuiloak bete beharko dituzte euskaraz; eskuz edo ordenagailuz egin dezakete. Erabilitako teknika eta materiala librea izango da, eta lana orrialde bakar bateko A4 formatuan aurkeztu beharko da.
Sariak eta entregatzeko aukerak
Hiru sari izango dira aurtengo Euskarazko Ipuin Lehiaketan: tablet bat, maila bakoitzeko. Horrez gain, parte hartzen duten pertsona guztiei oroigarri bat emango die Udalak.
Lan guztiak 2021eko abenduaren 10a baino lehen entregatu behar dira. Ezinbesteko baldintza da ezizen batekin sinatzea lanak, eta ezizen hori bera erabiltzea kartazal batean: honen barruan sartu beharko da izen-abizenak, ikastetxearen izena, emaila eta telefonoa zehazten dituen dokumentua. Lanak aurkezteko hiru modu daude: Mendaroko Udalera eramanda; posta arruntez, `Mendaroko Udala, Herriko Enparantza 1, 20850 Mendaro´ helbidera bidalita; edo kultura@mendaro.eus emailera idatzita.
Jarraian, A, B eta C mailetako ipuin edota ilustrazioak ageri dira: