Link interesgarriak
Atzealdea Mendaroko Udalaren osaeraren 40. Urtemugaren karietara herriko historia eta ondarea ezagutarazteko lehiaketa antolatu du Mendaroko Udalak
2023·11·30
Mendaroko Udalaren osaeraren 40. Urtemugaren karietara herriko historia eta ondarea ezagutarazteko lehiaketa antolatu du Mendaroko Udalak
Abenduaren 30ean 40 urte beteko dira Mendaroko udalerria sortu zela, eta urtemuga horren harira zenbait ekintza prestatzen ari da Mendaroko Udala. Hasteko, lehiaketa estiloko jolasa antolatu du abenduaren 4an hasi eta abenduaren 30era arte, herriko historia eta ondarea ezagutarazteko. Ekimen hori gauzatzeko In Leike kultur elkartearen, Mendaro ikastolaren eta Arno guraso elkartearen laguntza izango du Udalak.
Herrian mugarri izan diren gertakarien, herriko pertsonaia esanguratsuen, toponimiaren eta bestelako kontuen inguruko hainbat galdera zerrendatuko dituzte Udaletik, eta astelehenero hiru-lau galdera zabalduko dituzte. Galdera horiek eskolaren bitartez zabalduko dizkiete eskola-umeei astelehenetan, eta etxekoen laguntzarekin erantzuteko aukera izango dute. Erantzunak, eskolan bertan jarriko duten kutxa batean utzi beharko dituzte ostiralerako beren izen-abizenak eta ikas-maila zehaztuta. Ekimenean, baina, eskola-umeez gain, herritar orok izango du parte hartzeko aukera.
Galderak Udalaren webgunean jarriko dituzte eta sare sozialen bidez zabalduko dituzte astelehenero, eta ostiralera arteko epea izango dute erantzuteko (bi egunak barne). Erantzunak Morroskillo dendan eta udaletxeko harreran (arratsaldez, liburutegian) utzi beharko dituzte.
Udaletik zehaztu dute herritar bakoitzak astero behin bakarrik parte hartu ahal izango duela lehiaketan.
Ostiralero hustuko dituzte kutxak, eta galderak ondo erantzun dituztenen artean sei sari zozkatuko dituzte, kutxa bakoitzeko bi.
Sari banaketa abenduaren 30ean egingo dute, duela 40 urte Mendaroko Udala osatu zen egun berean, egun hori oroitzeko antolatuko den ekitaldi batean.