Berriak
Atzealdea Mendaroko Udalak Santana Jaietako kamiseta lehiaketa antolatu du
2022·05·20
Mendaroko Udalak Santana Jaietako kamiseta lehiaketa antolatu du
- Ekainaren 8ra arte aurkeztu ahal izango dira lanak, eta Santanekin lotutako logo bat diseinatu beharko da, diseinu grafikoa libre izanik.
Santana Jaiak direla eta, Mendaroko Udalak kamiseta lehiaketa antolatu du jai hauetarako. Lanak ekainaren 8a baino lehenago aurkeztu beharko dira, kamisetaren aukeraketa herritarren egingo dute ekainaren 10etik 19ra bitartean egingo den online bozketa baten bidez. Irabazleak 200 euro jasoko ditu, eta Udalak diseinu irabazlearen kamisetak salgai jarriko ditu.
Lehiaketan parte hartu ahal izateko, gutxienez 16 urte beteta eduki beharko dira. Dena den, ezingo dute deialdi honetan parte hartu, deialdian parte hartzeko ezarritako baldintza espezifikoak betetzen ez dituzten pertsonak, ez eta diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuren bat dutenak.
Gainera, parte hartuko dutenek Santanekin lotutako logo bat diseinatu beharko dute, diseinu grafikoa libre izanik. Diseinuak ondorengo baldintzak bete beharko ditu:
- Testuren bat izatekotan euskaraz izango da.
- Ez da urterik aipatuko.
- Kolore bakarra izango du.
- Inpresio eremua gehienez 250 mmx 150 mm-koa izango da.
- Parte-hartzaileak bere diseinuak PDF formatuan aurkeztuko ditu.
Honako kasu hauetako bat betetzen bada, diseinua baztertu egingo da:
- Aurkeztutako diseinuak ez duenean bat egiten proposatutako gaiarekin.
- Udalak, susmoak dituenean on-line bozketaren prozesuan modu artifizial edo iruzurrezkoak erabili direla berezko bozketak areagotzeko eta kopuruak handitzeko.
- Aurkeztutako diseinuak bere edukiagatik gustu txarrekoak zein iraingarriak gerta daitezkeenean.
- Parte-hartzaileak edozein modutan deialdiko oinarrietan zehazten dena betetzen ez duenean, hori dela eta, Udalak eskubidea du parte-hartzaileari baldintzak betetzen dituenaren ziurtagiriak eskatzeko.
Parte hartzaileek erregistroa@mendaro.eus helbidera bidali beharko dituzte euren lanak, eta diseinua bidaltzeaz gain, izen abizenak, telefono zenbakia eta diseinuaren izenburua eta esanahia ere mezuan atxikitu beharko dira.
Lehiaketako gainerako oinarriak link honetan www.mendaro.eus webgunean kontsultatu daitezke.