Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Mendaroko Udalak prest du jada 2026ko Santa Ana jaietako egitarau zabala

1
.

2026·07·14


MENDAROKO UDALAK PREST DU JADA 2026KO SANTA ANA JAIETAKO EGITARAU ZABALA

Uztailaren 18tik 26ra bitartean, herria festan murgilduko da adin guztietako herritarrei zuzendutako dozenaka jarduerarekin. Udalak jakinarazi du egitarau osoa biltzen duen paperezko liburuxka aste honetan zehar buzoneatuko dela herriko etxebizitza guztietan.

Mendaroko Udalak ofizialki aurkeztu du uztailaren erdialdetik aurrera herria kolorez eta giro herrikoiz jantziko duen Santa Ana jaietako egitaraua. Aurten ere herriko talde eta eragileekin elkarlanean, adin eta gustu guztietarako jarduerak prestatu dira, elkarbizitza, errespetua eta parte-hartze aktiboa oinarri hartuta. Udalak herritarrei dei egiten die jaietan aktiboki parte har dezaten, eta bide batez jakinarazi du egitarau osoa biltzen duen liburuxka aste honetan zehar buzoneatuko dela herriko etxebizitza guztietan, mendaroar bakoitzak ekitaldi guztien xehetasunak eskura izan ditzan paperean. Formatu digitaleko bertsioa ere udal webgunean eta sare sozialetan egongo da eskuragarri.

Jaiak uztailaren 18an, larunbata, hasiko dira Kuadrilla Egunarekin. Egun horretan, 13:00etan paella lehiaketa herrikoia eta ondorengo bazkaria egingo dira, eta arratsaldean, 18:00etan, Elektrotxufla elektrotxaranga ibiliko da kaleak alaitzen. Gauari amaiera emateko, playback lehiaketa (22:30), Maruxak taldearen kontzertua (23:30) eta Mugipanderoa taldearen erromeria (00:45) izango dira. Biharamunean, uztailak 19, Pertsona Nagusien Eguna ospatuko da. 12:00etan meza nagusia izango da, eta 13:00etan euskal dantzen txanda izango da. Ondoren, 14:30ean, nagusien bazkaria egingo da AIZPE elkartean, eta bazkalostea girotzeko dantzaldia egongo da DJ Arnorekin.

Asteburu indartsuaren ostean, jaiak uztailaren 24an, ostirala, bueltatuko dira Txupinazo eta Gazte Egunarekin. Gazteek 15:00etan egingo dute euren bazkaria, eta arratsaldeko 18:00etan iritsiko da une handia: txupinazoa eta Katasorginaren jaitsiera, Bizi Poza txarangak lagunduta. Jarraian, 18:30ean, 2025ean jaiotako haurrei santanetara ongi-etorria emateko ekitaldi hunkigarria egingo da. Gaualdean, Skapaie elektrotxarangak (20:00), Xiberoots taldeak (23:30) eta DJ Txola ta Potxolak jarriko dute musika.

Uztailaren 25ean, larunbata, Santixago eta Umeen Eguna ospatuko da. Goizean goizetik haurrentzako puzgarriak eta jolasak egongo dira, eta 13:00etan Ribera Canta jota taldeak abestuko du. 14:30ean haurren bazkaria eta jolasak izango dira, eta arratsaldean haurren danborradaren txanda izango da (18:00), ondoren Mendaroko buruhandi eta erraldoien kalejira egiteko Mauxitxako dultzaineroekin. Gauean, nagusien danborrada handia (22:00), Akerbeltz taldearen kontzertua (00:00) eta DJ Aitana Grandes (02:00) izango dira protagonista.

Jaiak amaitzeko, uztailaren 26an, igandea, Santa Ana Egun Handia ospatuko da. Goizeko prozesioaren (10:30) eta Meza Nagusiaren (11:00, trikitilari eta bertsolariekin) ostean, arratsaldeko 18:00etan herri kirol jaialdia egongo da. Jaiak agurtzeko, 21:00etan Katasorginaren igoera ospatuko da, eta amaierako traka Oilar Beltzak taldearen kontzertuarekin borobilduko da.

Azkenik, Mendaroko Udalak azpimarratu nahi du jai seguruak, parekideak eta errespetuzkoak bultzatzen dituela, eta herritar zein bisitari guztiei dei egiten die jaietaz elkarrekin, arduraz eta erantzukizunez gozatzeko eta nonahi eta noiznahi euskaraz hitz egiteko aprobetxatzeko.

HEMEN DUZUE EGITARAUA

1