Link interesgarriak

Mendaroko Udalak nerabe eta gazteen diagnostikoa egiteko partaidetza-prozesua jarri du abian

• Nerabe eta Gazteen I Plana burutu nahi du Udalak. Iñaki Arregi alkateak azpimarratu du herriaren eta gure gizartearen etorkizuna zaindu, babestu eta sustatu nahi dutela: “gazteak dira etorkizuna, eta Mendaro hobe bat nahi diegu utzi. Gidalerroa izango da, beren nahietara egokitutako zerbitzu eta eskaintza andana bideratzeko”. • Talde eragilearen parte izan nahi duten gazteek izen emateko epea zabalik: 685 720 010 telefonoan edota kultura@mendaro.eus helbidera idatziz eman daiteke izena. Urriaren 26an egingo da lehen bilera.

2021·10·20


Mendaroko Udalak nerabe eta gazteen diagnostikoa egiteko partaidetza-prozesua jarri du abian

  • Nerabe eta Gazteen I Plana burutu nahi du Udalak. Iñaki Arregi alkateak azpimarratu du herriaren eta gure gizartearen etorkizuna zaindu, babestu eta sustatu nahi dutela: “gazteak dira etorkizuna, eta Mendaro hobe bat nahi diegu utzi. Gidalerroa izango da, beren nahietara egokitutako zerbitzu eta eskaintza andana bideratzeko”.

  • Talde eragilearen parte izan nahi duten gazteek izen emateko epea zabalik: 685 720 010 telefonoan edota kultura@mendaro.eus helbidera idatziz eman daiteke izena. Urriaren 26an egingo da lehen bilera.

 

Mendaroko Udalak 15 eta 35 urte bitarteko nerabe eta gazteengan jarri nahi du arreta eta adin-tarte horretako mendaroarren errealitatea hurbiletik ezagutzea du helburu. Horretarako Nerabe eta Gazteen I Plana burutu nahi du eta aurrez, Mendaroko nerabe eta gazteen diagnostikoa egingo du Elhuyarrekin elkarlanean.

Iñaki Arregi alkateak azpimarratu du herriaren eta gure gizartearen etorkizuna zaindu, babestu eta sustatu nahi dutela: “gazteak dira etorkizuna, eta Mendaro hobe bat nahi diegu utzi. Mendaron gaur egun badago haur eta nerabeentzako sustapen eskaintza eta Haurtxoko eta Gazteleku zerbitzuak herrian integratuta daude, haur eta nerabeen parte hartzea egokia delarik. Gazteen adin-tarteari dagokionez, gaztetxea dago herrian ere. Zerbitzu eta eskaintza egon arren, Mendaroko Udalak ez du Gazte-planik, eta nerabe eta gazteei erantzun egokiena emate aldera, Mendaroko gazteen errealitatea ezagutu eta egoeraren diagnostiko orokor bat egitea adostu dugu Udaleko alderdi politiko guztiek. Gure gazteriaren gidalerroa izango da, beren nahietara egokitutako zerbitzu eta eskaintza andana bideratzeko”.

Diagnostikoaren helburu nagusia Mendaroko 15 eta 35 urte bitarteko gazteen errealitatea ezagutzea da, gazteen inguruko ezaugarri sozioekonomikoei buruzko informazioa batuz eta Mendaroko gazteek dituzten iritziak, beharrizanak, arazoak… jasoz. Prozesua Mendaroko gazteekin era partekatuan eraman nahi da aurrera: “Mendarotar gazteak subjektu aktibo izatea nahi dugu, gazteak proaktiboak, parte hartzaileak eta erantzunkideak izatea, eta beraien errealitatearen eraldatzaile aktibo izatea ahalbidetzea” azaldu du Arregui alkateak.

Mendaroko Udalak urte amaierarako nahi du diagnostikoa prest izan, 2022an Nerabe eta Gazteen I Plana burutzeko. Irailean aurre lana egin da, urrian eta azaroan lanketa abiatuko da eta abenduan diagnostikoa itxi.

Bi foro nagusi sortu dira:

  • Talde Eragile batek darama gidaritza, Mendaroko udal ordezkari eta teknikariek eta Elhuyarreko adituek osatua. Baita 15-35 urte arteko gazte bat edo bi. Urriaren 26an burutuko da lehen bilera.

  • Eztabaida Taldea sortu da ere. Mendaroko 15-35 urte bitarteko gazteak daude bertan bi taldetan banatuta: 15-25 urte bitarteko gazteak eta 25-35 urte bitarteko gazteak.

Saio presentzialak eta online galdetegiak izango dira diagnostikoa garatzeko tresna, Eustat, Gazteen Euskal Behatokia eta Euskadiko Gazteriaren Kontseilua egindako azterketez gain.

 

Talde eragilearen parte izan nahi duten gazteek izen emateko epea zabalik

Nerabe eta gazteen egoeraren diagnostikoa egiteko Talde Eragilea sortu du Mendaroko Udalak, udal ordezkari eta teknikariek eta Elhuyarreko adituek osatua. Horrez gain, helburua da 15-35 urte arteko bi gaztek ere parte hartzea. Horretarako deialdia zabaldu du Udalak. 685 720 010 telefonoan edota kultura@mendaro.eus helbidera idatziz eman daiteke izena. Urriaren 26an egingo da lehen bilera.