Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Mendaroko Udalak merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreetarako Planifikazio Estrategikoa abiarazi du
2025·03·28
Mendaro, 2025eko martxoak 28– Mendaroko Udalak, Dendartean elkartearen laguntzarekin, Planifikazio Estrategiko bat jarri du martxan, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak indartzeko eta haien lehiakortasuna eta iraunkortasuna epe ertain eta luzera bermatzeko helburuarekin.
Datozen hilabeteetan hainbat lan egingo dira, sektore hauen gaur egungo egoera sakon aztertzeko, erronkak eta aukerak identifikatzeko eta Mendaroko errealitatera egokitutako ekintza-proposamenak diseinatzeko.
Lehen fasean, bi inkesta egingo dira informazioa biltzeko: bata sektore hauetako profesionalentzat eta bestea herritarrentzat. Herritarrek modu digitalean bete ahal izango dute inkesta ondorengo estekaren bidez:
Profesionalek email bidez jasoko dute inkesta eta, aldi berean, paperean ere entregatuko zaie beren establezimenduetan, erraztasun handiagoz parte hartu ahal izateko. Gainera, kaleko inkestak ere egingo dira, herritarren ikuspegia osatzeko eta parte-hartze digitala ez dutenen iritzia jasotzeko.
Bestalde, udalerriko ezaugarri urbanistikoen azterketa egingo da, merkataritzarekin, ostalaritzarekin eta zerbitzuekin duten loturaren ikuspegitik. Informazio horrek ere lagunduko du sektore hauen errealitate osoagoa ezagutzen.
Inkestetatik eta azterketa urbanistikotik jasotako informazioa oinarri hartuta, bigarren fase batean, egoera hobetzeko eta identifikatutako beharrei erantzuteko ekintza-plan zehatz bat diseinatuko da.
Udaletik deia luzatu zaie bai sektoreetako profesionalei bai herritarrei, parte-hartze aktiboa izan dezaten prozesu honetan. “Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak funtsezkoak dira Mendaroko bizitzan. Gure kaleei bizia ematen diete, enplegua sortzen dute, gertutasuna eta konfiantza eskaintzen dituzte, eta udalerriko egunerokotasuna egituratzen dute. Haien alde egitea, Mendaroren etorkizunaren alde egitea da”, adierazi dute Udaletik.
Udalaren konpromisoa argia da: tokiko ehun ekonomikoa sendotzea eta haren garapen iraunkorra sustatuko duen ingurunea sortzea, eragile guztien inplikazio aktiboarekin.