Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Mendaroko Udalak merkatariekin, ostalariekin eta zerbitzu-enpresetako arduradunekin lan-saioa egingo du uztailaren 9an, 14:30etik aurrera, Mendaroko Udaletxean
2025·07·04
Merkataritza-plana osatzeko, orain arteko datuen kontrastea egingo da sektorearekin
Mendaroko Udala herriko merkataritza sustatzeko Plangintza Estrategikoa garatzen ari da, Dendartean Gipuzkoako Merkatarien Federazioaren bidez. Lehen fasean, Mendaroko eskaintza eta eskari komertziala eta establezimenduen kokapen espaziala ari da aztertzen Dendartean, diagnostikoa egiteko. Orain, azken hilabeteetan jasotako datuen kontrastea egiteko, lan-saioa antolatu dute uztailaren 9an, asteazkena.
Merkatariei eta kontsumitzaileei galderak egiteko baliatu ditu azken hilabeteak Dendarteanek, baita Mendarora lanera datozenei ere, eta, jasotako datuetan, hainbat gako identifikatu dituzte. Horregatik, merkatariekin, ostalariekin eta zerbitzu-enpresetako arduradunekin lan-saioa egingo du uztailaren 9an, 14:30etik aurrera, Mendaroko Udaletxean.
Hirugarren sektoreko enpresa guztiak gonbidatu dituzte bilerara, eta garrantzitsua izango da eragileek parte hartzea, sektorearentzat funtsezkoak diren alderdiak mahai gainean jartzeko eta merkatarien arteko eztabaida sustatzeko.
Jardunaldia behar bezala antolatzeko, asistentzia aldez aurretik konfirmatzea eskertuko da. Horretarako, ondorengo loturan aurkitzen den FORMULARIOA BETE edo Mendaroko Udalarekin harremanetan jarri beharko da: herritartasuna@mendaro.eus helbidean edo 943033292 telefonoan.