Link interesgarriak
Atzealdea Mendaroko Udalak lokal publikoen erabilera arautzen duen I. ordenantzari hasierako onarpena eman dio
2021·10·01
Mendaroko Udalak lokal publikoen erabilera arautzen duen I. ordenantzari hasierako onarpena eman dio
-
Araudiaren xedea da herriko elkarte eta talde sozial, kultural, kirol-elkarte eta irabazi-asmorik gabeko gainerakoei, bai eta auzotarrei ere, beren jarduerak eta batzarrak garatzeko espazioa erraztea.
Mendaroko Udalak, irailaren 30eko Osoko Bilkuran, Mendaroko lokal publikoen erabilera arautzen duen I. ordenantzari hasierako onarpena eman zion. Ordenantza 2022an sartuko da indarrean.
Araudiaren xedea da herriko gizarte-, kultura- eta kirol-elkarte eta kolektiboei eta irabazi-asmorik gabeko gainerakoei, bai eta auzotarrei ere, jarduerak eta batzarrak garatzeko eta estatutuetan adierazitako helburuak lortzeko espazioa ematea, bai eta gainerako herritarrentzat topaleku eta erreferentzia izatea ere. Udalaren titulartasuneko ondasunak edo Mendaroko Udalak eskubideren bat duen ondasunak direnez, eta udalerriko hainbat herritarrek, elkartek edo taldek erabili ahal izango dituztenez, udalak eskumena izango du erabiltzeko edo lagatzeko baimenen onuradunak zehazteko, irizpide objektiboen arabera eta espazioen erabilgarritasuna kontuan hartuta.
Ordenantza honetako arauak aplikatuko zaizkie partikularrek, gizarte-eragileek edo elkarteek erabil ditzaketen udal-eraikin eta -instalazio guztiei, baldin eta xede bererako berariazko ordenantzarik ez badute edo udalaren lokal, eraikin edo instalazioaren erabilera berariazko kontratu baten bidez araututa ez badago.
Udalak lokalen katalogoa eta ordutegia jarriko ditu herritarren eskura. Udalak egin ditzakeen erabilera-baimenak eta lagapenak bi motatakoak izan daitezke: erabilera iraunkorrak edo erabilera puntualak.
Erabilera-baimenak edo erabilera-lagapenak emateko prozedura interesdunak eskatuta hasiko da, eskaera-eredu formalizatu baten bidez. Eredu hori eskuragarri egongo da Udalaren web-orrian eta jendeari arreta emateko udal-bulegoan, eta Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko da.