Albisteak
Atzealdea

Mendaroko Udalak landa bideen erabilera berezia arautuko duen ordenantza eguneratu du

Ordenantzaren xedea da udal titularitatekoak diren eta zolatuta edo zolatu gabe dauden bideen erabilera, mantentze‐lanak eta zaintza arautuko duten xedapenak ezartzea, ibilgailu astunen joan-etorriek bideak honda ez ditzaten.

2020·06·19


Mendaroko Udalak landa bideen erabilera berezia arautuko duen ordenantza eguneratu du

  • Ordenantzaren  xedea  da  udal  titularitatekoak  diren  eta  zolatuta  edo  zolatu  gabe  dauden  bideen  erabilera, mantentze‐lanak eta zaintza arautuko duten xedapenak ezartzea, ibilgailu astunen joan-etorriek bideak honda ez ditzaten.

 

Bideen erabilera intentsiboa egiten duten ibilgailuen jarduera arautzeko eta bideen egoera ona bermatzeko, Mendaroko Udalak landa bideen erabilera berezia arautzeko ordenantza eguneratu du. Bideen erabilera berezirako baimen bat eskatu beharko da eta baimena eskatzean fidantza bat ordainduko da, egurra  ateratzeko  lanak  egiten  diren  bitartean  eragindako  kalteak  konponduko direla bermatzeko. Lizentzia  bakoitzeko  fidantza minimoa  1500 eurokoa  izango  da. Gehienez ere, fidantza 3500 eurokoa izango da eta bidearen erabilera berezia bukatu ostean, interesdunak jarritako fidantza itzultzeko eskaera egingo du. Bakanketak egin behar direnean, fidantza jartzetik salbuetsiko da eta %50eko hobaria aplikatu da dagokion tasarekiko.

Fidantzaren zenbatekoa finkatuko da egin beharreko distantziaren eta aprobetxatutako mendi hektareen  arabera. Horrela zehaztuko da:

Metroak

€/Ha

<250 m

400€/Ha

250‐500 m

500€/Ha

500‐1000 m

 600 €/Ha

1000‐2000 m

 650 €/Ha

2000‐3000 m

700 €/Ha

3000‐4000 m

750 €/Ha

>4000 m

800€/Ha

 

Udalak zehaztu du bideen ohiko erabilera dela gehienez ere baimenduta dagoen 20 tona baino gutxiagoko gehienezko pisu gordina duten ibilgailuek egiten dutena. Erabilera berezia da, beraz, bide horietan gehienez ere baimenduta dagoen 20 tona baino gehiagoko gehienezko pisu gordina duten ibilgailuekin ibiltzea,  baldin  eta  baserrietan  edo  nekazaritza  eta  abeltzaintza  ustiategietan  obrak  edo  betelanak eta basolanak egin behar badira. Joan‐etorri horiek nekazaritza eta abeltzaintza ustiategiarekin zerikusi zuzena dutenean (bazka,  pentsua eta abar garraiatzea), erabilera hori ez da berezitzat hartuko.

 

Udalari lizentzia eskatu beharko zaio

Udalari lizentzia eskatu beharko zaio udal titulartasuneko bideak erabiltzean egurra edo harrobiko materiala ateratzeko, obra zibilak egiteko edo lurra lekualdatzeko (partzelen betelanak eta egokitze-lanak egiteko, Mendaroko HAPOak zehazten duenaren arabera).

Ibilbide guztian zehar, bideen ohiko erabilera publikoa bermatu beharko da eta uneoro hartu beharko dira zirkulazioa ez oztopatzeko neurriak. Bidea eta arekak  ezin  izango  dira  ez  enborrekin,  ez  zuhaitz  adarrekin  okupatu;  ezta  betelanak  egiteko  erabiliko  diren materialekin edo antzekoekin ere.

Debekatutako ibilgailuak

Landa bideetan ibilgailu hauekin ibiltzea debekatzen du Udalak: beldar-ibilgailuak eta katedunak, ibilgailu katedunak, errodamendu ardatz bakoitzean 10 tonatik gorako gehienezko pisu gordina duten ibilgailuak, ibilgailu autokargatzaileak eta errastatzaileak, zoru gaineko arraste-ibilgailuak (baita edozein motako materiala arrastatzea ere), 26 ™ baino gehiagoko gehienezko pisu gordina dutenak, 3 ardatzetik gorako kamioiak (trailerrak) eta atoidun kamioiak.

Hala ere, espezifikoki eta puntualki, beharrezkoa denean mota horietako ibilgailuren bat erabiltzea, baimen bat eman ahal izango da eta neurriak hartuko dira bide-zorua ez hausteko: udal zerbitzu teknikoek ikuskaritza‐bisita bat egingo dute bideetara eta txosten bat egingo  dute egoerari buruz, erabiliak izan aurretik. Baimenak urtebeteko iraupena izango du gehienez, eta epe hori igarota, hala  badagokio,  baimenaren  luzapena  eskatu  beharko  da.  Eskatutako  luzapena  dagozkion  tasak ordaintzetik salbuetsita geratuko da. Luzapenak urtebeteko indarraldia izango du, eta  luzapen bakarra eskatu ahal izango da.

Arau-hausteak eta zigorrak

Mendaroko Udalaren ordenantza eguneratuak ere jasotzen dituzte arau-hauste motak eta dagozkien zigorrak. Arau-hauste arintzat hartuko dira landa bideen erabilera berezia egitea  udalaren baimenik gabe edo fidantza jarri gabe, aprobetxamenduak dirauen bitartean bidea garbi eta era egokian ez edukitzea, dagozkion betebeharrak ez betetzea edo baimenean finkatutako baldintzak ere ez, eta obrak,  instalazioak edo  itxiturak egitea eskatutako  baimenik edo  lizentziarik gabe.  Arau-hause arinen kasuan 150 eurotik 500 eurora arteko isuna jarriko da.

Arau-hauste larriak dira, alde batetik, ibilgailu  motordun  astunek  bideetatik  eta  landa‐  eta  baso‐pistetatik  zirkulatzea  dagokion  baimenik  eraman  gabe,  edo  emandako  baimenetan  ezarritako  preskripzioetakoren  bat  ez  betetzea; bidea ibilgailuen edo pertsonen joan‐etorriarentzat arriskutsua den baldintzetan edukitzea; dagozkion betebeharrak ez betetzeagatik ingurumenean ondorio larriak sortzea; bidean  dagoen  edozein  elementu  funtzional  nahita  hondatzea  edo  elementu  horren  ezaugarriak edo  kokalekua  nahita  aldatzea,  elementu hori  zuzenean  loturik  badago  zirkulazioaren antolamenduarekin, orientazioarekin eta segurtasunarekin; bideko edozein obra edo instalazio, edo bertan dagoen egiturazko edozein elementu, nahita  suntsitzea edo kaltetzea; baimendutako  mugak  gainditzen  dituen  pisuarekin  edo  kargarekin  ibiltzeagatik  bidea  arinki  kaltetzea edo hondatzea; eta obrak,  instalazioak edo  itxiturak egitea eskatutako  baimenik edo  lizentziarik  gabe. Arau-hauste larrien kasuan 501 eurotik 1.500 eurora arteko isuna jarriko da.

Azkenik, arau-hauste oso larritzat hartuko dira,  dagozkion betebeharrak ez betetzeagatik ingurumenean kalte oso larriak sortzea eta baimendutako mugak gainditzen dituen pisuarekin edo kargarekin ibiltzeagatik, bidea larriki  kaltetzea edo hondatzea. Kasu hauetan 1.501 eurotik 3.000 eurora arteko isuna jarriko zaie erantzuleei.

Erantzuleak izango dira baimenaren titularra eta garraiolaria, baldin eta bi pertsona horiek  desberdinak badira. Bidearen erabilera berezia baimenik gabe egiten baldin bada, zuhaiztiaren jabea nahiz egurra garraiatzen duena izango dira erantzuleak.