Berriak
Atzealdea Mendaroko Udalak kirol azpiegituren azterketa gauzatuko du herritarrekin era partekatuan
2022·03·09
Mendaroko Udalak kirol azpiegituren azterketa gauzatuko du herritarrekin era partekatuan
- Azterketa aberatsagoa izan dadin, batetik, 12 urtetik gorako biztanleei zuzendutako inkesta bat jarriko da abian, eta, bestetik, Ikastolako ikasleei berariazko kontsulta bat egingo zaie, ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan.
- Galdetegia erantzuteko epea apirilaren 1ean amaitzen da. Inkestari erantzuteko bi bide daude: etxebizitzetara datozen egunetan iritsiko den galdetegia betez edota www.mendaro.eus web orrian.
Mendaroko Udalak herriko kirol azpiegituren azterketa gauzatuko du herritarren kolaborazioarekin. Izan ere, herritarrek gero eta gehiago eskatzen dute beren udalerrietan kirol-instalazioen eskaintza nahikoa izatea, jarduera horrek lotura estua baitu bizi-kalitatearekin edo bizitza osasungarriarekin.
Hori dela eta, kirol jakin bat edo jarduera fisikoa egin ahal izateko instalazio hobeak behar diren heinean, toki-korporazioak, udalerriaren tamaina edozein dela ere, aurreikuspen aurreratuak egitera behartuta daude, besteak beste, beren udalerriak zer kirol-ekipamendu behar dituen, non kokatu behar dituen, nola programatu behar dituen edota lehentasunezkotzat zein jarduera lehenesten diren zehaztuz.
Parte-hartze prozesu hau Mendaroko Udalak prestatzen ari den Kirol Instalazio eta Ekipamenduen Plan Zuzentzailearen barruan kokatzen da, jarraian deskribatzen diren helburuekin:
- Mendaroarren artean jarduera fisikoa eta kirola orokortzea, jarduera fisikoa eta kirola askatasunez eta borondatez egiteko eskubidea bermatuz, berdintasun-, kalitate- eta segurtasun-baldintzetan.
- Mendaroko biztanleen bizi-kalitatea, gizarte-ongizatea eta garapen integral osasungarria areagotzea, kirol-instalazioak ikuspegi jasangarri eta hurbiletik hobetuta.
- Mendaron gaur egun dagoen instalazio-eskaintza handitu, hobetu eta modernizatzeko jarduera-programa bat ezartzea.
Iñaki Arregui alkateak adierazi du “Udal Gobernuak kirol Instalakuntzen Mapan aurrera-pausuak eman nahi ditu, baina horiek, herritarrekin adostuak izatea nahi da. Herritarrek zehaztea zein diren beharrak, zein kirol instalakuntza nahiko luketen izan herrian, kirol taldeek duten indarra… Horren arabera, aktuazio ezberdinak zehaztuko ditugu. Helburua da herritarrei kalitateko kirol instalakuntzak eskaintzea kirola era erosoan praktikatu dezaten. Behin herritarren iritzia jasota, analisi zehatza egingo da eta inbertsio programa bat zehaztu, urtez-urte garatzen joateko, elkarlanean, etorkizuneko Mendaro eraikiz”.
Plana egiteko prozesuaren barruan, Mendaroko kirol-instalazioen egungo eskaintza aztertzen eta ezaugarritzeko lanak ari dira garatzen une honetan. Era berean, hainbat kontraste eta elkarrizketa egiten ari dira kirolaren eta bizitza osasungarriaren arloan erreferentzia diren pertsonekin, bai Mendaron bizi direnekin zein eskualdeko hainbat eragilerekin. Hau guztia osatzeko antzeko populazio-tamaina duten Gipuzkoako beste udalerri batzuetako kirol-ekipamenduen eta instalazioen eskaintzaren azterketa bat landu da.
Gainera, Plan honen garapenean herritarren parte-hartzearen ikuspegitik, mendaroar guztiek prozesuan parte hartu ahal izatea ahalbidetu nahi du Udalak. Horretarako, batetik, 12 urtetik gorako biztanleei zuzendutako inkesta bat jarriko da abian, eta, bestetik, Ikastolako ikasleei berariazko kontsulta bat egingo zaie, ikastetxeko zuzendaritzarekin lankidetzan.
Inkestari erantzuteko bi bide daude:
- Galdetegi bat bidaliko da Mendaroko etxebizitza guztietara, herritarrek iritzia eman eta eraikin publikoetan entregatu ahal izateko: Udala, Goñati gimnasioa eta Jubilatuen Biltokia. Gainera, esku-orri gehiago egongo dira eskuragarri instalazio horietan, etxebizitzan pertsona bat baino gehiago bizi bada ere.
- Online galdetegia www.mendaro.eus webgunean.
Galdetegia pertsonala da eta pertsona bakoitzak behin bakarrik erantzun dezake. Erantzuteko epea apirilaren 1ean amaitzen da.
Mendaroko Udalak prozesuan parte hartzeko deia egin die herritarrei.