Link interesgarriak
Atzealdea Mendaroko Udalak Informatika Zerbitzuen Foru Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu du, gai informatikoen aholkularitza eta laguntza jasotzeko
2021·10·07
Mendaroko Udalak Informatika Zerbitzuen Foru Elkartearekin lankidetza-hitzarmena sinatu du, gai informatikoen aholkularitza eta laguntza jasotzeko
-
Hitzarmenak bermatuko du, IZFEk Udalaren antolaketa-egituraren maila guztietan ezartzea zerbitzu informatikoak, eta baita ere, bertako langileei prestakuntza-ikastaroak ematea.
-
Sinatutako hitzarmena lau urtez izango da indarrean, luzatzeko aukerarekin. 2021erako aurrekontua 17.705 eurokoa da, BEZ barne.
Mendaroko Udalak eta IZFEk (Informatika Zerbitzuen Foru Elkarteak) lankidetza-hitzarmena sinatu dute, azken horrek Udalari emango dizkion informatika-zerbitzuak definitzeko, eta zerbitzu horiek egiteko modua eta baldintzak zehazteko. Oro har, IZFE arduratuko da Mendaroko Udalak informatika arloan behar dituen aholkularitza eta laguntza emateaz. Era berean, IZFEren lana izango da, baita ere, informatika-zerbitzuak Udaleko antolamendu-egituraren maila guztietan ezartzea. Udaleko langileei laguntza teknikoa eta prestakuntza ere emango die IZFEk. 2021erako aurreikusitako aurrekontua 17.705,64 eurokoa da, BEZ barne.
Lankidetzarako aukera zabala
Oinarrizko zerbitzuez gain, IZFEk zerbitzu informatikotan duen katalogo zabalaz ere baliatuko da Udala. Horien artean daude: bideragarritasun azterketak; tratamendu informatikoa izan dezaketen proiektuak definitzen laguntzea; konponbide informatikoak ezarri aurretik antolamendu azterketak egitea; aplikazioak edo merkatuko soluzio informatikoak eskuratzeko aholkularitza; IKT proiektuen, azpiegitura teknologikoen, informazio sistemen, soluzio informatikoen eta aplikazio espezifikoen zuzendaritza; Udalarentzako softwareak garatzea; azpiegitura zerbitzuak hodei pribatuan; Udalaren sareari dagozkion elementuak konfiguratzea, routerra eta zerbitzaria esaterako; Udalari egokitutako prestakuntza programak garatzea; eta sor daitezkeen beste beharrei erantzuna ematea.
Aplikazio propioei buruzko prestakuntza-ikastaroak
Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea arduratuko da, baita ere, Udaleko langileen prestakuntzaz. IZFE berak garatutako aplikazio informatikoei buruzko prestakuntza-ikastaroak antolatu eta emango ditu. Helburua da, bermatzea, Udaleko langileek aplikazio horiek behar bezala erabiltzen dituztela. Hala, IZFE ahaleginduko da urteko prestakuntza-egutegiak aurreikusteaz eta prestakuntza horiek maila aurreratuan eskaintzeaz.
Lau urteko indarraldia
Sinatutako hitzarmenak lau urteko indarraldia izango du, 2024a bitarte. Bi alderdiek hala nahi izanez gero, indarraldia amaitu baino lehen, beste lau urtera arteko luzapena adostu ahal izango dute, eta baita ere, hitzarmena bertan behera uztea.