Albisteak
Atzealdea

Mendaroko Udalak hainbat zerga eta tasa atzeratu edota eten, eta koronabirusak eragindako kaltea arindu eta ekonomia berraktibatzeko beste hainbat neurri jarri ditu abian

Honako zerga eta tasen kobrantza atzeratu edo eten du: IMVTM Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Udal Zerga, hondakinak biltzeagatiko tasa, erabilera publikoari atxikitako ondasunen erabilera-tasak, udalak emandako tabernaren kanonaren kobrantza eten da, edota udal lokalen erabilera, pilotalekuko eta padeleko erreserben ordainketaren zati proportzionala itzuliko da.

2020·04·08


Mendaroko Udalak  hainbat zerga eta tasa atzeratu edota eten, eta koronabirusak eragindako kaltea arindu eta ekonomia berraktibatzeko beste hainbat neurri jarri ditu abian

  • Honako zerga eta tasen kobrantza atzeratu edo eten du: IMVTM Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Udal Zerga, hondakinak biltzeagatiko tasa, erabilera publikoari atxikitako ondasunen erabilera-tasak, udalak emandako tabernaren kanonaren kobrantza eten da, edota udal lokalen erabilera, pilotalekuko eta padeleko erreserben ordainketaren zati proportzionala itzuliko da.

  • Bestalde, Koronabirusaren ondorioz itxita egon diren establezimendu eta jarduera ekonomiko eta profesionalentzako konpentsazio ekonomikoren bat baloratzen ari da.

  • Mendaroko udalak tramiteak erraztu ditu hipoteka-zorraren moratoria eskatzeko eta administrazio epe oro etenda geratu da.

  • Ehun ekonomikoari zuzendutako erakunde guztien laguntzen informazioa www.mendaro.eus web orrialdean eskura daiteke.

  • Iñaki Arregui, alkatea: "berraktibazio eszenatokia prest izan nahi dugu, guztiontzako salbuespenezko egoera hau amaitzen denerako. Aukera ezberdinak aztertzen ari gara, gure herriko ehun ekonomikoa suspertzen aktiboki laguntzeko”.

     

 

Mendaroko Udalak koronabirusak udalerrian duen eragin ekonomikoa arintzeko neurri fiskalak jarri ditu abian. Iñaki Arregui alkateak, Bozeramaileen Batzordearekin adostu ondoren, hainbat neurri hartu ditu: “Neurri horien helburua da mendarotarrei, banaka zein enpresei, karga fiskala murriztea, osasun-alarmak irauten duen bitartean”.

Alkateak azpimarratu du “egoera hau mundu mailako ekonomiaren geldialdia da, eta Udaletik herritarren eta enpresa-ehunaren ondoan jarri behar dugu, ahal den guztian lagunduz. Enpresek itxi egin behar izan dute edo fakturazioa jaitsi egin da, eta udaletik lagunduko diegu".

Adierazi du ere "berraktibazio eszenatokia prest izan nahi dugu, guztiontzako salbuespenezko egoera hau amaitzen denerako. Aukera ezberdinak aztertzen ari gara, gure herriko ehun ekonomikoa suspertzen aktiboki laguntzeko”.

Alkateak azaldu duenez, asmoa da beste administrazioen laguntza-lerro osagarria izatea Udalarena, “komertzioari, ostalaritzari,  autonomoei eta enpresa txikiei eragindako kalte larriak arintzeko; izan ere, langile, hornitzaile eta alokairuko gastuekin jarraitu behar izan dute, diru-sarrerarik lortu gabe”.

Ildo horretan, Mendaroko Udalak neurri hauek hartu ditu:

  • IMVTM Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Udal Zergaren kobrantza, martxoaren 31rako aurreikusia, maiatzaren 31ra arte atzeratuko da.

  • Hondakinak biltzeko apirilaren 30erako aurreikusitako tasa, ekainaren 30era arte atzeratuko da.

  • Koronabirusaren ondorioz itxita egon diren establezimendu eta jarduera ekonomiko eta profesionalei dagokienez, jasandako galerak arintzen lagunduko duen konpentsazio ekonomikoren bat baloratzen ari da Udala. Tratamendu bera emango zaio terrazak dituen lurzoru publikoaren okupazio-tasari.

  • Erabilera publikoari atxikitako ondasunen erabilera-tasak (eraikin publikoetako lokalak) osasun-alarmak iraun bitartean itxita egon den denboraren balioa itzuli edo konpentsatuko du.

  • Udalak emandako tabernaren kanonaren kobrantza eten egiten da.

  • Udal lokalen erabilera, pilotalekuko eta padeleko erreserben ordainketaren zati proportzionala itzuliko da.

 

Mendaroko udalak tramiteak erraztu ditu hipoteka-zorraren moratoria eskatzeko

Mendaroko Udala taldekako errolda egiaztagiriak egiten hasiko da, e-mail bidez, Mendaroko familiek, berariaz, hipoteka-zorren moratoriak eskatu ahal izan ditzaten.

Horrela bada, Mendaroko bizilagun guztiek egiaztagiri hau eskatu ahal izango dute erregistroa@mendaro.eus helbidera e-mail bat bidalita. Horrekin batera, etxebizitzan bizi diren 16 urtetik gorako pertsona guztiek behar bezala betetako eta sinatutako eskaera bat aurkeztu beharko dute, baita bertan eskatzen den dokumentazioa ere. Erantzuna bide berbera erabilita jasoko du eskatzaileak, eta hori tramitatzea lehentasunezkoa izango da.

Eskaera orria www.mendaro.eus -en deskarga daiteke.

 

Administrazio epeak, atzeratuta

Administrazio-epeak etenda geratzen dira, 463/2020 Errege Dekretuak jasotzen duen bezala.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarri du 2020ko OHZren zerga-kuota ordaintzeko epea atzeratu egingo dela, eta abuztuaren 1etik irailaren 15era artekoa izango dela.

 

Ehun ekonomikoari zuzendutako laguntzen informazio guztia www.mendaro.eus web orrialdean

Mendaroko Udalaren web orrialdean Gipuzkoako Foru Aldundiak landu duen ehun ekonomikoari zuzendutako informazio guztia eskura daiteke: Covid-19ak jarduera ekonomikoan eragindako kalteak arintzeko dauden programa, laguntza eta baliabideei buruzko informazio interesgarri guztia kontsultatzeko aukera dago. Jarduera ekonomikorako eta enplegurako neurriei eta laguntzei buruzko informazioa dago bertan, enpresa jardueraren araubidearen arabera banatuta (partikularrak, autonomoak eta enpresak). Kasu bakoitzean, jarraibideak eta orientazioa eskaintzen ditu lau esparrutan: lan osasuna, lan esparrua, laguntza publikoak eta fiskalitatea.

Gainera, plataformak laguntza sare oso bat jartzen du eskura, egin beharreko izapideen inguruko argibideak eskaintzeko eta langileen, enpresen eta autonomoen eskura dagoen neurri-sorta eskatzeko prozesuan sor daitezkeen zalantzak argitzeko.

Laguntza guztien gida esteka honetan eskura: https://labur.eus/GidaLaguntzakEhunEkonomikoa.

Edukia lau atal nagusitan egituratuta dago. Osasun arloan, adibidez, osasun segurtasuneko baldintzak, protokoloak eta alderdiak jasoko dira; lan gaietan, plantillari eragiten dioten neurriak, edo ERTEen eskaera eta kudeaketa; laguntza publikoetan, diru-laguntzak eta finantzaketa tresnak; eta fiskalitatean, araudiak, prozedurak eta zergen tratamendua.  Era berean, beste atal batean, plataformak elkarreragina ahalbidetzen du Gipuzkoako jarduera ekonomikoari laguntzeko ekosistema osatzen duten eragileekin, hala nola eskualdeko garapen agentziekin, patronalekin, enpresa-elkarteekin, sektore-elkarteekin…, solaskideen arteko harremanak erraztuz.

Informazio hori guztia aldian-aldian eguneratuko da, sortzen diren neurri eta programa berriekin.

Mendaroko Udalarekin harremanetan jartzeko, edozein zalantza argitzeko edota bestelako informazioa eskuratzeko, bi bide daude abian: telefono bidez, 943 033 282 zenbakian edota email bidez, erregistroa@mendaro.eus -en.