Link interesgarriak
Atzealdea Mendaroko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideetako zarataren aurkako ekintza planari buruzko alegazioa egin du
2024·07·09
Mendaroko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren errepideetako zarataren aurkako ekintza planari buruzko alegazioa egin du
2022an atzera botatako Mendaroko trafiko zaraten azterketaren txostena berriz ere bidali zaio Gipuzkoako Foru Aldundiari bertako ondorio eta edukiak kontutan har daitezen.
2022. urtean, Mendaroko Udalak herriko zarataren mapa sortzeko azterlan bat egiteko eskatu zion Laexor Ingenieritza Akustikoari. Helburua Mendarotik pasatzen den AP-8 errepidean ibilgailuen trafikoak sortzen duen zarata aztertzea zen. Arno Bide kalean eta Azpilgoeta auzoko landa-gunean ingurumen-zarataren monitoretza-estazioak kokatu ziren, eta modelizazio akustikoaren bidez, hurbileko etxebizitza eraikinetan eragiten zuen inpaktua aztertu zen. Ikerketak autobidearen bi aldeetan hesi akustikoak eraikitzea proposatzen zuen.
Mendaroko Udalak, 2022ko uztailaren 18an, modelizazio akustikoko txostena helarazi zion Foru Aldundiari, zarataren mapa estrategikoen jendaurreko erakusketaren testuinguruan, txosteneko edukia eta ondorioak kontuan hartuak izan zitezen. Foru Aldundiak alegazioa atzera bota zuen, esanaz zarataren mapa estrategikoen xedea ez zela eremu zehatzetan hartu beharreko soluzioak definitzea, hori zarataren aurkako ekintza planean landuko zela.
2024ko ekainaren 10ean, publiko egin zen Gipuzkoako Foru Aldundiko errepideetako zarataren aurkako ekintza planaren 4. fasea. Oraingo honetan jendaurrean jartzen den dokumentua zarataren aurkako ekintza plana denez, alegazio gisa, Mendaroko Udalak Laecor Ingeniaritza Akustikoak eginiko modelizazio akustikoko txostena birbidali dio Gipuzkoako Foru Aldundiari, duela bi urte egindako azterlaneko emaitzak kontuan har daitezen.