Link interesgarriak
Mendaroko Udalak eta Debabarrena mankomunitateak garbiketa berezia egingo dute bihar, abenduak 11, herrian, euriteengatik alerta berezia bertan behera geratzean
2021·12·13
Mendaroko Udalak eta Debabarrena mankomunitateak garbiketa berezia egingo dute bihar, abenduak 11, herrian, euriteengatik alerta berezia bertan behera geratzean
- Bart izandako euriteek Deba ibaia eta Kilimon errekak gainezka egitea eragin dute. N-634 errepidea itxita egon da eta Garagartza auzoa urak hartu du.
- Iñaki Arregui alkateak elkartasuna adierazi die mendarotar guztiei eta bereziki Garagartzako auzotarrei: “egoera hobetu da, euria arinagoa da eta urak behera egin du, baina arratsalde-gau partean euri gehiago espero da eta adi gaude. Nire babesa eta laguntza luzatzen diet egoerari aurrera egin eta ahalik eta lasterren egoera normaltasunera itzultzeko”.
Bart izandako euriteek Deba ibaia eta Kilimon errekak gainezka egitea eragin dute. Atzo, abenduak 9, arratsaldeko 17:00ak aldera hasi zen ura ateratzen eta punturik altuena goizeko 4:00etan izan du. Ondorioz, N-634 errepidea itxita egon da arratsaldeko 15:00ak bitarte eta Garagartza auzoa urak hartu du, bizilagunak etxetik atera ezinda geratuz.
Lehen unetik bertan egon dira Mendaroko Udaleko langileak eta Iñaki Arregui alkatea, suhiltzaileak eta gainerako larrialdi zerbitzuak. Alkateak nabarmendu duenez “egoera hobetu da, euria arinagoa da eta urak behera egin du, baina arratsalde-gau partean euri gehiago espero da eta adi gaude”.
Euriteengatik alerta laranja bihar, abenduak 11, goizeko 9:00ak arte egongo da aktibatuta. Orduan ekingo die Mendaroko Udalak, Debabarrena Mankomunitatearekin elkarlanean, garbiketa lanei. Momentu horretan egingo da ere izandako kalte materialen haserako balantzea.
Iñaki Arregui alkateak elkartasuna adierazi die mendarotar guztiei eta bereziki Garagartzako auzotarrei: “duela pare bat aste ere inundazio bat izan genuen, ez honen mailakoa, baina biak oso gertu denboran. Horrek zuzenki eragiten du animoetan. Nire babesa eta laguntza luzatzen diet egoerari aurrera egin eta ahalik eta lasterren egoera normaltasunera itzultzeko”.