Link interesgarriak
Atzealdea Mendaroko Udalak dirulaguntzak emango ditu 2024ko kultur proiektuetarako
2024·06·20
Mendaroko Udalak dirulaguntzak emango ditu 2024ko kultur proiektuetarako
Lehenengo aldiz kudeatuko da kultur proiektuen babesletza dirulaguntzen bidez, eta ekainaren 21etik uztailaren 19ra egin ahal izango da eskaera.
Mendaroko Udalak Kultura Zerbitzuen alorrean egitasmoak burutzeko dirulaguntzak atera ditu, 10.000 euroko partida bat bideratuz. Dirulaguntza horien helburua kultura-sare eraldatzaile, dinamiko eta parte-hartzailea sustatzea da, herritarren gozamenerako kultura-eskaintza erakargarria, plurala, hurbila eta irisgarria sortuz. Gainera, bertako kulturari balioa eman nahi zaio eta gizarte integratzaile bat eraikitzen lagundu.
Herrian egingo diren kultura-ekimenak lagunduko dira diruz, baldin eta Mendaroko Udalak gauzatzen dituen ekimenen osagarri edo ordezko badira. Proiektuek onura publikoko edo interes sozialeko helburua izan behar dute, eta deialdian ezarritako baldintzak bete behar dituzte.
Lehenango aldia da Udalak herriko kultur proiektuen babes ekonomikorako funtsak dirulaguntza bitartez bideratzen dituela. Iniziatiba honen bidez, herrian kultur eskaintza garatzeko interesa duten eragile guztiei aukera berdintasuna eskaini nahi zaie. Proiektuak dirulaguntzaren oinarrietan ezarritako irizpideen arabera hautatuko dira, funtsen banaketa bidezkoa, ordenatua eta gardena bermatuz.
Eskaerak aurrez aurre egin ahal izango dira Mendaroko udaletxean, astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara, eta baita internet bidez ere, Mendaroko Udalaren webgunean eskuragarri dagoen egoitza elektronikoan.