Link interesgarriak
2024·08·07
Mendaroko Udalak 2024ko Santana jaien balorazio positiboa egin du
Jaiak ongi joan dira, parte-hartze handi eta giro onarekin. Udalak eskerronak adierazi nahi dizkie jaiak giro onean pasatzen lagundu duten herritarrei.
2024ko Santana Jaiak uztailaren 20an eta 21ean eta uztailaren 24tik 28ra arte ospatu dira. Mendaroko Udalak, orohar, poza eta esker ona adierazi nahi dio herriari. Dorleta Lazarobaster kulturako zinegotziak dioenez, “herritarren aldetik babes handia sentitu dugu, eta giro jatorra egon da haur, gazte eta helduon artean”. Izan ere, parte-hartze nabarmena izan da aurtengo jaietan, eta jende ugari batu da.
Larunbatean, uztailaren 20an, Gazteen Egunarekin eman zitzaion hasiera egitarauari. Azken urteetan egun hau indarra hartzen ari da, eta hori Gazte Asanbladari esker da, antolamenduaz arduratzen dena. Frontenis partidu, bazkari, txaranga eta kontzertuz, eguraldia momentu batzuetan lagun eta beste batzuetan ez, herrian giro paregabea egotea lortu zuten gazteek.
Igandean, Adineko Egunean, herriko ez horren gazteen txanda izan zen. Eguerdian adinekoei omenaldia eta euskal dantzak egin ziren, eta ondoren, 70 pertsonatik gora elkartu ziren Aizpen bazkaltzeko eta dantzaldiaz gozatzeko.
Jaiak, ordea, ez ziren ofizialki hilaren 24a arte hasi, Joxe Eizagirre brigadako langileak botatako txupinazora arte. Jendetza batu zen Mendaroko plazan txupinazo eta Katasorginaren jeitsieran. Urteroko legez, 2023an jaiotakoei Santanetara ongietorria egin zitzaien udaletxean, eta deitutako hamaikatik hamar jaioberri gerturatu ziren. Txaranga, erraldoi eta buruhandi, kontzertu eta DJ, eguraldia eguraldi, ongi joan zen eguna.
Santixago Egunean, puzgarriak, Elgoibarko banda, Verdini taldearen dantzak, Gurpil Gainean kale antzerkia eta nagusien danborrada arrakastatsua izan ziren. Aspaldian etorri gabeko eta Mendaron asko gustatzen den Lisker taldearen kontzertuarekin bukatu zen eguna.
Ostiralean, Santana Egunean, Garagartzan jarraitu zuen jaiak. Txistulari eta trikitilariak, erromeria eta Egaña eta Lizaso bertsolariak izan ziren goizean, eta arratsaldeko aizkolariak ikusteko jende asko hurbildu zen, Mendarokoak eta baita inguruko herrietakoak ere, eta maila handiko saioa eman zuten kirolariek. Beranduegi erromeria taldearen eta DJ Anersotek iluntzea musikaz jantzi zuten.
Uztailaren 27an, Kuadrillen egunean, 500 lagunetik gora elkartu ziren ikastolako patioan. Kuadrillek paella lehiaketan, kapela lehiaketan eta playback lehiaketan hartu zuten parte (bederatzi taldek egin zuten playbacka, ez da kopuru makala!) eta Beti Goguakin kuadrillak lortu zuen lehen saria. Elektrotxaranga, erromeria eta, besteak beste, Mendaroko Rebel boys taldearen musikak girotu zuen eguna.
Jaien azken egunean, Umeen Egunean, eguraldia lagun izan zuten haurrek ur jolasekin gozatzeko. Frontoian bazkaria eta jolasak egin zituzten, eta animazio handia egon zen danborradarekin ere. Erromeria eta Katasorginaren igoerarekin eman zitzaion amaiera Santa Anako jaiei.
Enetz Ezenarro alkatearen hitzetan, “jaiak egun asko izan dira, beste batzutan baino gehiago, baina egunez egun ikusi da jendetza ibili dela, eta orokorrean, giro ona izan dela. Mendaroko Udalak ekitaldiak antolatu eta egitarauan lagundu duten guztiak eskertu nahi ditu, baita giro ona sortu eta errespetuz jokatu dutenak ere. Zuek gabe ez litzateke posible Santanak ospatzea, eskerrik asko”, dio Enetzek. Datorren urterako jaiak hobeto joateko lan egingo dutela ere adierazi du alkateak. “Badaude jaietan hobetzeko alderdiak, hauek aztertu eta kontutan hartuko ditugu datorren urterako. Hala ere, oro har, balorazio positiboa egin dugu Udaletik, eta noski, herritarren iritzia jasotzeko eta kontutan hartzeko konpromisoa hartzen dugu”.
Argazkia: barren.eus