Link interesgarriak
Atzealdea Mendaroko Udalak 2022an tasak eta zergak ez igotzea onartu du, salbuespenekin
2021·11·03
Mendaroko Udalak 2022an tasak eta zergak ez igotzea onartu du, salbuespenekin
- Hasierako onarpena eman dio tramitazioari eta jendaurrean egongo da 30 egunez.
- %1,5 igoko dira Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (IBI) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga.
- Erabaki horrekin batera, zerga-onurak, hobariak eta gaur egungo zergadunei ordaintzeko erraztasunak bultzatuko dira, familia ugarien, irisgarritasun eta energia berriztagarrien alorrean apustu berezia eginez.
- Iñaki Arregui, Mendaroko alkatea: “herritarra babestu eta herriko autonomo, enpresa txiki zein ertainak laguntzea da gure lehentasuna. Udala egoera finantzario oso onean dago, eta pandemia hasieratik ezarri genuen Babes Planari jarraipena ematen ari gara honela, mendarotarrei laguntzak emanaz, kasu honetan, eremu fiskalean”.
Mendaroko Udalak, urriaren 28an, Osoko Bilkura ospatu zuen eta bertan, puntuetako bat, 2022ko Ordenantza Fiskalen onarpena izan zen. Orokorrean bere horretan mantenduko ditu Udalak ordenantza fiskalak, bi salbuespenekin: %1,5 igoko dira Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (IBI) eta Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Gaineko Zerga. Hasierako onarpena eman dio tramitazioari eta jendaurrean egongo da 30 egunez.
Neurria, azken hilabeteetan Covid-19aren krisiak eragindako bilakaera ekonomikoa aztertu ostean hartu du Udalak. Erabaki horrekin batera, 2021eko zerga-onurak, hobariak eta gaur egungo zergadunei ordaintzeko erraztasunak mantentzea adostu dute.
“Bilakaera hobera doa, baina egoera pandemiko oso gogor batetik gatoz, eta herritarra babestu eta herriko autonomo, enpresa txiki zein ertainak laguntzea da gure lehentasuna. Administraziotik traktore izan behar dugu herritarren ongizatea bermatu eta bizi kalitatea hobetu eta sustapen ekonomikoa bultzatuz, enpleguaren sorrera lehenetsiz. Zera eta tasen izoztearekin, hainbat salbuespen konkreturekin, mendarotarrak babestu nahi ditugu. Udala egoera finantzario oso onean dago, eta pandemia hasieratik ezarri genuen Babes Planari jarraipena ematen ari gara honela, mendarotarrei laguntzak emanaz, kasu honetan, eremu fiskalean” azaldu du Iñaki Arregui Mendaroko alkateak.
2022an familia ugariek %90 arteko hobaria izango dute Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan, estreinakoz. 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean sartuko den arren, aurreko urtean onartu zen hobaria. Horrez gain, hobarien bitartez, irisgarritasun eta energia berriztagarrien arloan apustua egin da. Bide horretan, Eraikin, Instalazio eta Obren gaineko Zergan honako hobariak izango dituzte mendarotarrek eskura lehenengoz:
- Kuotaren %80ko hobaria izango dute, eguzki-energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak aurreikusiko duten obrek eta obra-zatiek.
- Kuotaren %50eko hobaria izango dute babes ofiziala orokorreko edo bereziko erregimenean egingo diren etxebizitzen promozioek. Hobaria, %25ekoa izango da etxebizitza babes ofiziala tasatuko erregimenean egingo badira.
Mantentzen dira honakoak:
- Kuotaren %50eko hobaria izango dute traba arkitektonikoak kentzeko eraikinetan egingo diren obrek.
- Kuotaren %50eko hobaria izango dute egoitza-eraikinak birgaitzeko, garbitzeko eta haien fatxadak apaintzeko obrek eta haietako terraza komunak eta teilatuak aldatzeko eta birgaitzeko obrek.
- Pertsona desgaituen irisgarritasuna eta bizigarritasun-baldintzak hobetzeko etxebizitzetan egingo diren eraikuntza, instalazio eta obren gaineko kuotari % 50eko hobaria aplikatuko zaio.
- Kuotaren % 50eko hobaria izango dute landa-sektorean egiten diren eraikuntza, instalazio eta obrek.
Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen Zergaren kasuan, ondorengo hobariak txertatu dira:
- Zerga-kuotaren % 75eko hobaria izango dute motor elektrikoko ibilgailuek.
- Zerga-kuotaren % 60ko hobaria izango dute ibilgailu hibridoek eta gasa erregai gisa erabiltzen duten ibilgailuek.
Informazio guztia www.mendaro.eus -en dago eskura.
Auto-taxi zerbitzuaren tarifa berria
Udalbatzak ere tarifa berria onartu du auto-taxi zerbitzurako: Gipuzkoako Taxi Elkarteak proposatutako igoera kontuan hartuta, 2022rako igoera % 2,9koa izango da. Horri horrela, prezio berriak honako hauek izango lirateke:
1go Tarifa – Lan egunak 07:00etatik 22:00etara
- Gutxieneko tarifa: 5,4068
- Egindako kilometroa: 1,3539
- Itxaron ordua: 18,0965
2. Tarifa – Egunero 22:00etatik 07:00etara, igandeak eta jai egunak
- Gutxieneko tarifa: 5,8874
- Egindako kilometroa: 1,4984
- Itxaron ordua: 19,0289
Azpimarratu, gutxieneko tarifak 1,5 kilometroko ibilbidea edo bost minutuko itxaronaldia hartzen dituela kontuan.