Link interesgarriak

Atzealdea Mendaroko Udala Oinherriko bazkide egingo da

Herri hezitzaileak sustatzeko elkartera batuko da udala, eta Mendaron  hezkuntza foroa osatzea izango da etorkizuneko helburu. 

2024·05·30


Mendaroko Udala Oinherriko bazkide egingo da

Herri hezitzaileak sustatzeko elkartera batuko da udala, eta Mendaron  hezkuntza foroa osatzea izango da etorkizuneko helburu. 

Oinherri herri hezitzaileak sustatzeko elkartea da, irabazi asmorik gabeko elkarte publiko komunitarioa. 2012an sortu zen herri hezitzailearen filosofia, maila teoriko zein praktikoan, Euskal Herri luze zabalean sustatzeko helburuarekin. Oinherri elkarte eta administrazio publikoaren elkarlanean oinarritzen denez, udalak bazkide laguntzaile izan daitezke.

Hezkuntzaren ikuskera zabaltzeko proposamena da elkarteak egiten duena. Herri hezitzailearen filosofiaren ikuspuntutik, hezkuntza inolaz ere ez delako etxe edo ikastetxeko lau paretetara mugatzen, ardura partekatu bat delako. Hezkuntzaren arduran, familia eta ikastetxeez gain, herriko bestelako instituzio eta herrigintzako eragileak inplikatzeko beharra dagoelako, tokian tokiko hezkuntza komunitatea saretuz, eta gure herriek sustatu nahi dituzten balio hezitzaileak adostuz.

Balio hezitzaile hauek, tokian tokiko ezaugarrietarako egokitu beharreko zazpi giltzarritan laburbiltzen ditu Oinherrik: 

1. Herriko haur eta nerabeak txiki-txikitatik parte hartzean heztea. Txikitatik herriko subjektu aktibo direla aitortuz. 

2. Haurtzaroaren/nerabezaroaren kulturak aitortzea eta balioan jartzea. Haurtzaroa zein nerabezaroa bizitzako etapa propioak izanik, ezaugarri eta egiteko modu propopioak dituzte. Hauetara egokituko den parte hartzeko kultura ezberdin bat sustatzea izango litzateke helburua, bestelako ahots/gorputzei lekua egiteko parte hartze prozesuetan. 

3. Euskaratik eta euskaraz. Gure herrietan dauden hizkuntza, kultura guztiak errespetatuz eta kontuan hartuz, baina euskara sustatuz. 

4. Aniztasunean hezi. Gutako bakoitza bakarra eta errepikazina garela ulertuz, gure herrietan izateko modu guzti horiek leku bat izan dezaten. Arreta berezia jarriz, zaurgarrienen beharretan, euren neurrira egokitzeko gure herriak. 

5. Aukera berdintasuna. Aniztasun guzti-guztiak onartuz eta balioan jarriz, bainan aukera berdintasunean heziz. 

6. Herrietako ondare natura zein kulturala ezagutzea, balioan jartzea eta transmititzea. 

7. Herrietako hezkuntza komunitateak saretzea. Tokian toki, hezkuntza formaleko zein ez formaleko eragileak, administrazio publikoa eta herrigintzako eragileak elkarlanean arituko diren hezkuntza foroak sustatuz.

Mendaroko Udala Oinherriko bazkide egiteko prozesuan dago, Enetz Ezenarro alkateak dioen bezala, “garrantzitsua delako instituzioetatik ere hezkuntzaren ardura hartzea. Mendaron helburua hezkuntzaren alorrean diarduten eragile ezberdinen artean saretzea da, eta elkarlanean herrian hezkuntza mahai bat dinamizatzea”. Ekainaren 7an Bergaran egingo den Oinherriko Batzar Orokorrean izango da Mendaroko gobernu taldeko ordezkaritza.