Albisteak
Atzealdea

Mendaroko Udala gizon eta emakumeen berdintasunerako II. plana garatzen ari da

Gizarte eragile ezberdinekin egingo du lan Udalak emakume eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko, bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren eremu guztietan.

2020·05·28


Mendaroko Udala gizon eta emakumeen berdintasunerako II. plana garatzen ari da

  • Gizarte eragile ezberdinekin egingo du lan Udalak emakume eta gizonen artean benetako berdintasuna lortzeko, bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren eremu guztietan.

Mendaro, 2020ko maiatzak 28

Mendaroko Udala Gizon eta Emakumeen Berdintasunerako II Plana sortzen ari da. Helburu nagusia emakume eta gizonen artean berdintasun erreala lortzea da, bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialaren eremu guztietan. Urte amaieran bukatuta egotea aurreikusten da. Udala Plana Daiteke Gizarte Aholkuraitza enpresarekin ari da garatzen.

 

Proiektua prozesu parte hartzailea izango da eta lau ezaugarri nagusi izango ditu. Ikuspegi feministatik izango du ardatz, emakumeen eta gizonezkoen arteko desberdintasun eta diskriminazioak nola eta zergatik gertatzen diren azaltzen saiatu eta ulertzeko. Gainera, plana zeharkakoa eta intersekzionala izatea da asmoa. Lehentasuna emango zaio herritarren osasunari, guztiontzat bizitza jasangarria aldarrikatuz, “egungo egoerak argi utzi baitu bizitza krisian dagoela eta guztion artean zaindu behar dugula”, azpimarratu du Udalak. Plan errealista bat egitea da asmoa, erronka handiak azaleratzen dituzten helburuak ezarri diren arren.

 

Mendaroko Berdintasun Plana egiterako orduan, oinarritzat hartu da EAEko emakume eta gizonen VII. Berdintasun Plana. Egitasmo horrek lau esku-hartze eremu ditu: alde batetik “Gobernu Ona”-ren arloa, erakunde-aldaketetarako edo administrazio publikoetan barne funtzionamendurako erronkak kudeatzeari begira, eta, bestalde, herritarren esku-hartzerako hiru ardatz nagusi: izaera sozialeko erronkak gehienak.

 

Plana garatzeko lehen pausoak

 

Plana oraindik garatzen ari diren arren, dagoeneko eman dira lehen pausoak. Mendaroko egoeraren argazki orokor bat lortu nahi da, eta horretarako, beharrezkoa da herriko emakume eta gizonezkoen egoeraren azterketa zabala egitea. Momentuz, Udal teknikari eta langileekin egin dute lan, eta errealitatearen diagnostikoa osatzeko informazioa ere bildu da iturri desberdinetatik. Berdintasuna zeharka landu beharreko arlo bat denez, “herritarren eta elkarteen parte hartzea” ere bilatuko dela adierazi dute. Iritzi eta pertzepzio ezberdinak jasotzeko asmoz, “herritarrei zuzendutako online bidezko galdetegi bat jarri da martxan.”

 

 

Etorkizunari begira

 

Herri eta udal mailan “berdintasunean aurrera pausuak emateko gogoa” badagoela nabaritu da. Proiektua oraindik amaitu ez den arren, uda baino lehen aurreikusita dago udal teknikari eta langileekin egiten ari diren elkarlana bukatzea. Gainera, honen baitan formakuntza saio batzuk antolatuko dira. Uda ondoren ere lanketak egingo dira herritar eta elkarte ezberdinekin eta horretarako aurrez aurreko eztabaida talde irekiak antolatuko dituzte. Ondoren, informazio zehatzagoa lortzeko, elkarte ezberdinak elkarrizketatzea pentsatu dute, alarma egoeragatik ezinezkoa izan delako dagoeneko horri ekitea. Hala ere, “berdintasunaren ikuspegiak zeharkakoa izan behar duenez, gai honekin interesa duen edozein elkarterekin egingo dugu lan. Zenbat eta pertsona, gai, adin edo jatorri anitzagoak izan hobeto”, azpimarratu du Daiteke Gizarte Aholkularitzak.

 

Metodologia

 

Metodologia mistoa erabiliko da plana osatzeko: teknika kuantitatiboak eta kualitatiboak. Bost informazio iturri erabili dituzte orain arte: estatistika datuak (Eustat, Lanbide, Gipuzkoako Foru Aldundia, Emakunde…), eztabaida taldeen ekarpenak eta gogoetak, herritarrei eginiko inkestaren emaitzak eta elkarrizketa pertsonalak eragile zehatz eta Udal teknikariekin.