Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Mendaroko Udala Euskal Trenbide Sarearen erantzunaren zain dago Santa Anako trenbide-pasagunearen segurtasuna hobetzeko

.

2025·05·16


Mendaroko Udala Euskal Trenbide Sarearen erantzunaren zain dago Santa Anako trenbide-pasagunearen segurtasuna hobetzeko

2024ko apirilaren 17an eskutitza bidali zion Mendaroko Udalak Euskal Trenbide Sareari Santa Anako trenbide-pasagunean segurtasuna hobetzeko eskaera eginez.

Euskal Trenbide Sareak, 2024ko maiatzaren 24ko erantzunean (506 irteera zenbakia) jakinarazi zion Udalari Santa Anako trenbide-pasaguneari A2 babesa emateko egokitzapen-soluzioa diseinatzen ari zirela, hau da, erabiltzaileen aldeko ohartarazpena duen babes automatikoa ezartzea, seinale finkoez gain, pertsonei trenbide-zirkulazioaren hurbilketaren berri emateko, seinale akustiko argitsuak ere badituena. Epe motzean lizitazioa egin eta urtea amaitzerako lanei ekiteko aurreikuspena zegoela ere jakin zuen Udalak.

2024a amaitu ez ezik 2025a ere erdira iristen ari den honetan Mendaroko Udalak ez du iazko maiatzeko informazio hartaz gain beste inolako berririk jaso gai honen inguruan. Horrenbestez, bigarren eskutitz bat zuzendu zaio Euskal Trenbide Sareari.

Orduan esandakoak zertan diren jakin nahi du Udalak, Santa Anako trenbide-pasagunearen inguruan aipatutako lanak lizitatu diren eta exekuzioa noiz egiteko aurreikuspena dagoen jakite aldera.

Lehenengo eskutitzean aipatzen zen moduan, egoera arriskutsuak sortu izan dira gune horretan maiztasunez, ikuspen txarreko eta aldapa handiko bidea elkartzen diren bihurgunea izanik. Beraz, Udala Euskal Trenbide Sarearen erantzunaren zain gelditzen da, eta espero du bere eskaera kontuan hartu eta arazo honi lehenbailehen konponbidea jartzea, istripu larriren bat gertatu aurretik.