Albisteak

Mendaroko Udal Gobernuak adierazi du “etenik gabe” diharduela lanean landa inguruneko bideen mantenua bultzatu eta eukaliptoaren landaketen inguruko aferari erantzuna emateko

• Mendaroko Udal Gobernua (EAJ-PNV): “gezurtatu nahi ditugu azken egunotan Mendaroko PSE-EEk egindako adierazpenak, Udala inolako moteltasunik gabe ari delako lantzen gaia, nahiz eta eskumenik izan ez, eta bilera-eskaerei erantzuna unean bertan ematen zaielako, ez hilabete pasata. Alderdikeria alde batera utzi eta herriaren alde jarduteko eskaera luzatzen diogu PSE-EEri”. • Udalak hainbat konpromiso hartu zituen baserritarrekin 2020an burututako bileretan, tartean, herritarrei eta baserritarrei informazioa helarazi eta landaketen eskumena duten erakundeekin lankidetzan jardutea, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundia.

2021·02·18


Mendaroko Udal Gobernuak adierazi du “etenik gabe” diharduela lanean landa inguruneko bideen mantenua bultzatu eta eukaliptoaren landaketen inguruko aferari erantzuna emateko

  • Mendaroko Udal Gobernua (EAJ-PNV): “gezurtatu nahi ditugu azken egunotan Mendaroko PSE-EEk egindako adierazpenak, Udala inolako moteltasunik gabe ari delako lantzen gaia, nahiz eta eskumenik izan ez, eta bilera-eskaerei erantzuna unean bertan ematen zaielako, ez hilabete pasata. Alderdikeria alde batera utzi eta herriaren alde jarduteko eskaera luzatzen diogu PSE-EEri”.
  • Udalak hainbat konpromiso hartu zituen baserritarrekin 2020an burututako bileretan, tartean, herritarrei eta baserritarrei informazioa helarazi eta landaketen eskumena duten erakundeekin lankidetzan jardutea, esaterako, Gipuzkoako Foru Aldundia.

 

Mendaroko Udal Gobernuak (EAJ-PNV) nabarmendu du “etenik gabe” diharduela lanean herriko landa ingurunea, nekazaritza eta abeltzaintza sektoreak laguntzeko: “gezurtatu nahi ditugu azken egunotan Mendaroko PSE-EEk egindako adierazpenak, Udal Gobernua landa ingurunearen mantenu eta sustapenean eta eukaliptoaren gaiaren inguruan lanean ari delako, etengabe, informazioa helaraziz herritarrei, oposizioak egin dituen proposamenak oso aintzakotzat hartuz eta basoen mantenuan eskumena duten erakundeekin lanketak jarriz abian”.

“Horrez gain, gezurra da ere hilabete daramatzatenik oposizioko alderdiek bilera baten zain, pasa den otsailaren 10ean erregistratu baitzuen PSE-EEk eskaera, eta egunean bertan txertatu zen datorren otsailaren 22an ospatuko den Batzordearen gai zerrendan, zeinetan Udaleko alderdi guztiak ordezkatuta dauden. Beraz, argi nahi dugu esan gaiak Udal Gobernua (EAJ-PNV) arduratzen duela ere, lanean diharduela, eta baserritar eta gainerako eragileekin elkarlanean Mendarok behar eta eskatzen duen erantzuna emateko ahaleginean jarraituko duela. Alderdikeria alde batera utzi eta herriaren alde jarduteko eskaera luzatzen diogu PSE-EEri”.

Lanketa horren erakusle da 2020an eguneratu berri den ‘Landa bideen erabilera berezia arautzen duen ordenantza’. PSE-EEk ordenantzaren aldeko bozka eman zuen. Baserritarrei elkarbanatua izan da ordenantza eta, bakoitzaren egoera eta beharrak aztertuz, ñabardurak txertatzen ari da Udala, herriko baserritarrei egokitu eta beren beharrei ahalik eta egokien erantzuteko.

Ordenantza bera aztertzeko egindako parte-hartze bileretako batean baserritarrek azaleratutako gaia izan da eukaliptoarena. Horren aurrean, Udalak, hainbat konpromiso hartu zituen baserritarrekin, tartean, herritarrei eta baserritarrei informazioa helarazi eta landaketen eskumena duten erakundeekin lankidetzan jardun, tartean, Gipuzkoako Foru Aldundia.

Hori horrela, pasa den urtarrilaren 29an, Eukaliptoaren landaketen inguruko hitzaldia antolatu zen, iritzi eta ikasketa ezberdinetako adituen parte-hartzearekin.

Paraleloki, Mendaroko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiarekin bilera ugari burutu ditu, zeinak basoen kudeaketako eskumena duen. Bertara baserritarren kezka eta eskaerak bideratu dira. Hainbat neurri daude abian jada, esaterako, bertako espezieak landatzeagatik hobariak. Mendaroko Udala ere antzerako neurriak herri mailan abian jartzea aztertzen ari da.