Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Mendaroko Ludoteka doakoa izango da eta denda txikien zabor tasa %50 murriztuko da 2027an

.

2026·10·23


Mendaroko Ludoteka doakoa izango da eta denda txikien zabor tasa %50 murriztuko da 2027an

Mendaroko udalbatzak 2027rako tasa eta prezio publikoak onartu ditu. Neurri nagusien artean, Ludoteka zerbitzuaren doakotasuna eta komertzio zein ostalari txikiei zaborraren tarifa erdira jaistearena aipatu daitezke. Gainerako udal tasa eta prezio publikoek %3ko igoera orokorra izango dute, prezioen igoera herritarrei pixka bat amortiguatuz.

Mendaroko haur eta gazteen aisialdi hezitzailea unibertsalizatu eta zerbitzuaren izaera soziala indartu nahi du udalak. Hori dela eta, Ludoteka zerbitzua doakoa izango da aurrerantzean erabiltzaileentzat, gaur egun gaztelekua den bezalaxe. Izan ere, zerbitzu hau orain arte ordainpekoa izan da eta horrek familia zein umeen artean desberdintasunak sortzen zituen, herriko bizitzaren kaltetan.

Beste neurri nagusietako bat tokiko ekonomiari lotutakoa da: komertzio eta ostalari txikiei erdira (%50) jaitsiko zaie zaborra bildu eta kudeatzeagatik orain arte ordaintzen zuten tarifa.

Gainerako etxebizitzei dagokienez, hondakinen bilketaren prezioa %1,5 igoko da (zerbitzuaren ardura duen mankomunitateak udalari aplikatuko dion igoera bera); horrela, etxe bakoitzak urtean 2,5 euro gehiago ordainduko du zerbitzua.

Enetz Ezenarro alkateak adierazi duenez, neurri hauen helburua udal zerbitzuak mantenduz bizi dugun egoeran herritarrei babes pixka bat eskaintzearena da: “Azken hilabeteetako KPIaren etengabeko joera gorakorraren aurrean (iraileko EAEko KPIa %5era iritsi da), igoeraren parte bat udalak asumituz. Igoera osoa reperkutitu beharrean, %3ko igoera aplikatuko dugu orokorrean”.

Gainerako udal tasa eta prezioetan, ordea, badira beste zenbait salbuespen:

* Frontoia eta padel kantxa: Orduko alokairuaren prezioa ez da igoko. Gimnasioko urte osoko bazkide ez direnek 10 euro ordaintzen jarraituko dute orduko, eta bazkide direnek, 5 euro.

* Hileta zerbitzuak: Kasu honetan, kontratatuta dagoen enpresak udalari aplikatuko dion igoera bera (%3,7) aplikatuko zaie erabiltzaileei. Adibidez, errautsak hobiratzeko zerbitzua 10 euro igoko da, eta ehorzketa zerbitzua 20 euro.