Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Mendaroko irisgarritasun plana osatzeko parte-hartze saioa antolatu du Udalak maiatzaren 22an

.

2025·05·16


Mendaroko irisgarritasun plana osatzeko parte-hartze saioa antolatu du Udalak maiatzaren 22an, arratsaldeko 18:30etatik 20:00etara, Udaletxean

Herriko irisgarritasuna hobetzea helburu, Udalak “Mendaro denONA, denontzat” prozesua jarri du abian. Prozesu honen bitartez, Mendaroko Irisgarritasun Unibertsalerako Plan Integrala (IUPI) definituko da, 2026-2033 epean gauzatuko diren jarduketak zehaztuko dituena.

Irisgarritasun Unibertsaleko Plan Integralaren (IUPI) idazketa, 2020an onartutako Euskadiko Irisgarritasun Unibertsalaren Estrategiaren (EIUE) baitan ulertzen da. Planaren izaera integrala kontu berria da: EIUEn ezarri denez, ingurune fisikoaren irisgarritasunaz haratago joatea eskatuko zaie Euskadiko erakundeei, udalak barne. Berritasun aipagarrienak:

  • Irismena, udalari dagokionez. Orain arte ezagutu ditugun Irisgarritasun Planetan lantzen zen “Udalerri irisgarria” esparruaz gain, “Udal irisgarria” esparrua landu beharko da. Hau da, udalak eskaintzen dituen zerbitzuak, arreta edo komunikazioa irisgarriagoa egiteko proposamenak landu beharko dira.
  • Irismena, eragileei dagokionez. Gainera, udalaren gidaritzarekin, herrian dauden eragile publiko zein pribatuen inplikazioa bilatu beharko luke Planak.
  • Jarduketa-esparru zabalagoa, baina jarduketa zehatzagoak. Alegia, esparru gehiago landu beharko badira ere, indarraldia 4 urtetara mugatzea ezartzen du diru-laguntzak. Honek zehaztasuna eskatuko du, bai jarduketen deskribapenean bai eta horien kudeaketa edo jarraipena egingo duten arduren banaketan ere.
  • Hirigintzatik haratago doan Plana. Hirigintza Sailak bere eskumenetara hobeto egokitzen den “Udalerri irisgarria” esparrua har lezake bere gain, baina beste ardura batzu (“Udal irisgarria” edo Komunikazio-Plana, adibidez) beste sail batzutara banatzea proposatzen da.
  • Zeharkakotasuna. Azken urteotako eraldaketarekin bat eginez, Plan hau sail eta maila desberdinen artean landu beharko da. Hau eraginkortasunez egingo dela bermatzeko, ezinbestekoak izango dira konpromiso eta gidaritza politikoak.

Epe labur eta ertainera. Proiektu honen bitartez, datozen 4 urteetan egiteko moduko jarduketak zehaztu nahi dira. Zehaztasun honek Udalaren baliabideak neurtzea eskatzen du: egin beharko litzatekeena bistatik galdu gabe, egin ditzakegunak zehaztea da asmoa. Horretarako, arazoak eta esku-hartzea lehenetsi beharko ditugu, jarduketen kostuak eta onurak ondo neurtuz.

Aniztasuna, autonomia, eguneroko bizimodua eta zaintzak, erdigunean. Esku-hartzeek irisgarritasuna izango dute helburu nagusi, baina hauek zehazterakoan ezinbestekoak izango dira mendaroarron egunerokotasuna oinarri izango dituzten hainbat irizpide, hala nola, aniztasunari erantzutea, autonomia sustatzea edota zaintza lanak erraztea. 

Partaidetza. Prozesua abiatzeko, lehen lanketa-saio irekira gonbidatu nahi zaituztegu, Mendaroko irisgarritasunaren diagnostiko partekatua egin ahal izateko.

Zenbat eta parte-hartze zabalagoa eta anitzagoa, orduan eta Plan aberatsagoa. Proiektu honetan ez ditugu hirigintzan “adituak” behar, Mendaroen bizitzen “arituak” baizik. Beraz, herriko edozein auzotan bizi edota bertako kaleetan orduak ematen dituen herritar orori zuzenduta daude saioak, adina, jatorria eta bizi-baldintzak edozein direla ere. Bukatzeko, deialdia zuen inguruan zabaltzeko laguntza ere eskatzen dizuegu. Mila esker!