Albisteak

Mendaroko etxebizitzak hobetzeko obretarako diru-laguntza lerroaren bigarren deialdia jarri du abian Udalak

• Hala nola, finantzatuko dira, hiru lerro bereiziren bitartez, eraikinetan irisgarritasun lanak, fatxaden eraberritzeak, eraikinen ikuskaritza teknikoak eskatutako lanak, efizientzia energetikorako hobekuntzak, etxebizitza egokitzea mugikortasun mugatua edo zentzumenezko desgaitasuna duten pertsonentzat edo 65 urtetik gorakoentzat… eta beste hainbat.

2023·03·01


Mendaroko etxebizitzak hobetzeko obretarako diru-laguntza lerroaren bigarren deialdia jarri du abian Udalak

  • Hala nola, finantzatuko dira, hiru lerro bereiziren bitartez, eraikinetan irisgarritasun lanak, fatxaden eraberritzeak, eraikinen ikuskaritza teknikoak eskatutako lanak, efizientzia energetikorako hobekuntzak, etxebizitza egokitzea mugikortasun mugatua edo zentzumenezko desgaitasuna duten pertsonentzat edo 65 urtetik gorakoentzat… eta beste hainbat.
  • 2022an 10 eskaera egin ziren. Guztira, 13.000 euro banatu ziren, batez ere fatxada hobetzeko, igogailuak jartzeko, EITak jartzeko edo plaka fotovoltaikoak instalatzeko.
  • Interesdunek jada eskaera egiteko aukera zabalik dute presentzialki udaletxean bertan, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan, baita telematikoki ere, www.mendaro.eus webgunearen bitartez.

            

Mendaroko Udalak abian jarri berri du herriko etxebizitzak hobetzeko obretarako dirulaguntza lerroaren bigarren deialdia. Laguntza-ildo hori 2021aren amaieran jarri zen martxan lehen aldiz. Hala nola, finantzatuko dira, hiru lerro bereiziren bitartez, eraikinetan irisgarritasun lanak, fatxaden eraberritzeak, eraikinen ikuskaritza teknikoak eskatutako lanak, efizientzia energetikorako hobekuntzak, autokontsumorako energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko instalazioak, etxebizitza egokitzea mugikortasun mugatua edo zentzumenezko desgaitasuna duten pertsonentzat edo 65 urtetik gorakoentzat, kanpo arotzeria ordezkatzea eta etxebizitza hutsen alokairua sustatzea. Eskaeraren urtean edo aurre-aurrekoan amaitutako obrak onartuko dira deialdian, eta balorazioa zein laguntzaren zenbatekoa banakako azterketa eginez zehaztuko da.

 

2022an 10 eskaera egin ziren, eta horietatik erdia, 5, onartu ziren izapidetzeko. Guztira, 13.000 euro banatu ziren, batez ere fatxada hobetzeko, igogailuak jartzeko, EITak jartzeko edo plaka fotovoltaikoak instalatzeko.

Iñaki Arregi alkateak zehaztu du azken helburua “mendarotarrei herrian bertan bizitzeko aukera ematea da. Etxebizitza berriak sustatzeko lanean gabiltza, baina aztertu dugu ere gaur egungo etxebizitzen egoera zein den. Badira hutsik daudenak, zaharkituak, mugikortasunerako arazoak dituztenak… horiei bigarren bizitza bat emateko laguntzak dira hauek, bigarren eskuko etxebizitza merkaturatzeko laguntzak. Etxebizitza berriak behar ditugu, baina egun daudenak ere merkatuan egotea nahi dugu, alokairuan edo salmentan, baita egun bizitoki diren ugari egoera onean mantendu ere. Herrian bizitzeko aukera, finean: herrian bizi, Mendaro bizi mantenduz. Etorkizuneko apustua”.

Honakoak dira laguntza eta aktuazio lerro zehatzak:

1. Lerroa. Elementu komunei buruzko jarduerak:

  • IRISGARRITASUNA ERAIKINETAN. igogailuak, maldak eta plataformak instalatzea eta egokitzea.
  • FATXADAK ERABERRITZEA. eraikin baten fatxada edo fatxadak jatorrizko egoerara edo egoerara lehengoratzea, konposizio-unitatea aldatu gabe eta egiturazko elementuetan eraginik izan gabe. Diruz lagundu ahal izango dira eraikuntza-soluzioak aldatzea dakarten birgaitze-obrak, fatxadaren jatorrizko baldintzak hobetzea dakartenak. Akabera-elementuak konpontzea, berritzea edo ordeztea ere sartuko da, hala nola entokatzea eta pintura.
  • ERAIKINEN IKUSKARITZA TEKNIKOAK ESKATUTAKO LANAK, ikuskaritzak eskatzen dituen lanak berehala, presa handiz edo presaz egin behar izanez gero, eta betiere teknikari kualifikatu batek sinatzen baldin badu.
  • EFIZIENTZIA ENERGETIKOAREN HOBEKUNTZA. Eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko jarduketak, proiektu teknikoa barne. Berokuntzarako edo hozketarako energia eskaria jaisteko jarduketa oro hartuko da eraikinaren inguratzaile termikoa hobetzeko dirulaguntza jaso dezakeen jarduketatzat, fatxadan, estalkian edo inguratzaileko beste edozein paramentutan eta bizitegi eraikin kolektiboetan, familia bakarreko edo bi familiako etxebizitza bakartuetan edo ilaran lerrokatutako etxebizitzetan egiten bada.
  • AUTOKONTSUMORAKO ENERGIA ELEKTRIKO FOTOVOLTAIKOA SORTZEKO INSTALAZIOAK, BIZITEGI-ERAIKINETAN. Autokontsumorako energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko eguzki panel fotovoltaikoen instalazio berrietan egiten diren inbertsioak (familia bakarreko edo bi familiako etxebizitzetan zein etxebizitza eraikin kolektiboetan egiten direnak) hartuko dira diruz laguntzeko modukotzat, Energia elektrikoaren autokontsumoaren baldintza administratiboak, teknikoak eta ekonomikoak arautzen dituen apirilaren 5eko 244/2019 Errege Dekretuak arautzen duen modalitateren batekoak badira.

2. Lerroa: Elementu pribatiboei buruzko jarduerak:

  • ETXEBIZITZA EGOKITZEA MUGIKORTASUN MUGATUA EDO ZENTZUMENEZKO DESGAITASUNA DUTEN PERTSONENTZAT EDO 65 URTETIK GORAKOENTZAT, (komuna, igarotzeko ateak; argi, ur eta gas sentsoreak, ke-detektagailuak, instalazio espezifikoak).
  • KANPO AROTZERIA ORDEZKATZEA: leihoak, balkoiak, begiratokiak, fatxadaren lerrotik kanpo dauden elementuak eta erlaitzak aldatzea. Aldatzean, elementu guztiak batera aldatu behar dira. Erabiliko diren materialak eta diseinua lehendik daudenen antzekoak izango dira.

3. Lerroa: Alokairuaren sustapena:

  • ETXE BIZITZA HUTSEN ALOKAIRUA SUSTATZEA, Alokabide (ASAP) programan egindako bitartekaritza lanaren bidez merkatura atera ahal izateko. Etxebizitza hutsak egokitzeko lanak, gerora alokairuan jarri ahal izateko.

1 eta 2 Lerroetan xedatutako laguntzak bateragarriak izango dira. Aldiz, 3 atalean xedatutako laguntzak, 1 atalekoekin bateragarriak izango dira, baina 2 atalekoekin bateraezinak.

 

Interesdunek jada eskaera egiteko aukera zabalik dute presentzialki udaletxean bertan, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan, baita telematikoki ere, www.mendaro.eus webgunearen bitartez. Azken kasu honetan, beharrezkoa izango da ziurtagiri elektroniko bat izatea (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela…).

Aurkeztu beharreko dokumentazioaren zein laguntza deialdiaren inguruko informazio gehigarri eskuragarri dago www.mendaro.eus webgunean.