Link interesgarriak
2024·07·02
Mendaroko bizitegi-eraikinak eta etxe bizitzak birgaitzeko dirulaguntzen deialdia zabalik dago
16.000 euro emango dira aurten edo aurreko urtean egindako lanak diruz laguntzeko.
Mendaroko Udalak diru-partida bat esleitu du bere aurrekontuetan Mendaro osoan bizitegi-eraikinak eta etxe bizitzak birgaitzeko dirulaguntzak emateko, bizitokien hobekuntzak sustatzeko asmoz. Urtero egiten den deialdi hau lehia askekoa da, eta 16.000 euroko diru partida bideratu da udal aurrekontutik dirulaguntza hauek emateko. Dirulaguntzak eskaeraren urtean edo aurrekoan amaitutako elementu komunetako zein pribatuetako obretarako emango dira.
Elementu komunetan, eraikinak irisgarri egiteko lanak, fatxada eraberritzeak eta teilatu birgaitzeak lagunduko dira diruz. Hauez gain, ekonomikoki lagunduko dira eraikinen inspekzio teknikoak eskatutako beharrezko lanak, efizientzia energetikoaren hobekuntzak, autokontsumorako energia elektriko fotovoltaikoa sortzeko instalazioak eta aerotermia bidezko klimatizazio edota ur bero sanitarioaren instalazio zentralizatuak.
Elementu pribatiboetan, aldiz, %33 edo gehiagoko mugikortasun mugatuko edo zentzumenezko desgaitasuna edo 65 urtetik gorako pertsonentzat etxebizitzak egokitzeko laguntzak emango dira, baita eraikin kanpoaldeko arotzeria (lehioak, balkoiak, begiratokiak…) ordezkatzeko laguntzak ere. Bestalde, aerotermia bidezko klimatizazio edota ur bero sanitarioaren instalazioak ere barnebiltzen ditu dirulaguntza honek.
Bestetik, etxe bizitza hutsen alokairua sustatzeko helburua ere badu dirulaguntza honek. Etxebizitza hutsak egokitzeko lanak lagunduko dira, gero alokairuan jarri ahal izateko.
Dirulaguntza eskaerak 2024ko azaroaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dira, aurrez aurre, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan (udaletxeko beheko solairuan), edo elektronikoki udal webgunetik.