Albisteak
Atzealdea

Mendaroko baserri-bideak garbitzen dihardu Udalak

Mendaroko Udala baserri-bideak garbitu eta mantentzeko plangintza bat lantzen ari da eta lehen lanak abian dira.

2020·02·06


  • Mendaroko Udala baserri-bideak garbitu eta mantentzeko plangintza bat lantzen ari da eta lehen lanak abian dira: lehentasun osoa izan zuen urte hasieran Arnoate bide nagusian izandako harri lubetak, Etarte baserriaren gaineko biribilgunean. Bestalde, , baserri bideetako kuneten garbiketa burutu du Udalak Debemenekin elkarlanean.
  • LandaGipuzkoa+ programaren bitartez, Mendaroko baserri guztietara banda ultra azkarra hedatzeko lanean ari da Udal Gobernua Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean.
  • Iñaki Arregui, alkatea: “Herri oreka dugu jomuga. Landa eremuaren garapena ezinbesteko da, bertan bizitza mantendu eta aukera berri erakargarriak eskaintzeko, hiriguneen mailako zerbitzu eta ongizatea sustatuz”.

 

Mendaroko Udala baserri-bideak garbitu eta mantentzeko plangintza bat lantzen ari da eta lehen lanak abian dira. Baserritarrekin batu dira udal ordezkariak hainbatetan eta egin beharreko lanen bilduma bat osatu da, lehentasun mailak zehaztuz.

Bertatik, lehentasun osoa izan zuen urte hasieran Arnoate bide nagusian izandako harri lubetak, Etarte baserriaren gaineko biribilgunean. Urtarrilaren 13tik 21era burutu ziren lanak: “abenduan izandako luiziak, bide oinarririk gabe utzi zuen errepidea, eta bide nagusi horretan dagoen trafikoa kontuan izanda, presazkoa izan da harri lubeta egin eta bidea gogortzea” azaldu du Iñaki Arregui alkateak. “Jausitako lurrak kendu, harri lubeta eraiki hormigoizko oinarriaren gainean eta erasandako bide zatian hormigoia bota zen”.

Horrez gain, baserri bideetako kuneten garbiketa burutu du Udalak Debemenekin elkarlanean. “Aurten, gainera, errepide bazterrak eta kunetak era sakonagoan garbitu ditugu” nabarmendu du alkateak.

Iñaki Arreguiren hitzetan, “Mendaro guztiok osatzen dugu, eta guztiok batera egin behar dugu aurrera: herriguneko herritarrak, baina baita baserrietan bizi direnak ere. Herri oreka dugu jomuga. Gertu egon behar dugu eta herritar guztiek gertu sentitu behar dituzte Mendaron Udalak zein beste erakundeek eskaintzen dituzten zerbitzuak. Landa eremuaren garapena ezinbesteko da, bertan bizitza mantendu eta aukera berri erakargarriak eskaintzeko. Landa eremuko biztanle gehienek hiriguneetan bizi diren pertsonek dituzten bizitzeko eta lan egiteko baldintza berak izatea bilatu nahi da, hiriguneen mailako zerbitzu eta ongizatea sustatuz, eta landa ingurunea erakargarri izan dadin, biztanlegoari eutsiz” berretsi du alkateak.

 

LandaGipuzkoa+ programaren bitartez, Mendaroko baserri guztietara banda ultra azkarra hedatzeko lanean

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatzen duen LandaGipuzkoa+ programaren bitartez, lurralde osoan zehar hedatu nahi da internetera kalitatezko sarbidea. Baita Mendaroko baserri guztietan ere. Hori horrela, Udalak jada igorri du baserri guztietara zerbitzuaren berri eskaintzen duen eskuorria eta alkateak jada Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunekin lan saio ugari burutu ditu. Zerbitzua zabalkunde fasean da egun eta legealdi honetan zehar zabalduko da Mendaroko baserri guztietara.

Banda zabal ultra azkarraren onuren artean,  interneterako sarrera konexio ultra azkarra (300 mega segundoko), telebistaren definizio altua eta bideozaintza zerbitzua nabarmendu daitezke. Azken horrek, bakarrik bizi eta arreta berezia behar duten pertsonak zaindu ahal izatea ahalbidetzen du, hirugarren adinekoak edo desgaitasun bat duten pertsonen kasuan esaterako. Bestalde, azienda urrutitik zaindu, urrutitik lan egin edo urrutitik gune ezberdinak zaindu ahal izatea ere ahalbidetzen die nekazariei. Aurrerapen esanguratsu horiei esker, orain arte populazio handieneko inguru eta landa eremuaren artean egondako eten digitala desagertzen hasi da.

Gainera, konexioak ahalbidetzen du operadoreak etorkizunean eskaini ditzakeen zerbitzu berrien bilakaerari euskarria ematea, hala nola multimedia zerbitzu berriak. Gipuzkoako banda zabal ultra azkarraren zabalkundea aitzindaria da Europan eta proportzionalki Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Italia baino aurrerago kokatzen da lurraldea dagoeneko.