Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Mendaroko 60 urtetik gorako herritarren bizi kalitatea sustatzeko lanketa abiarazi du Udalak

.

2026·09·21


MENDAROKO 60 URTETIK GORAKO HERRITARREN BIZI KALITATEA SUSTATZEKO LANKETA ABIARAZI DU UDALAK 

Herritarren behar eta errealitateak ezagutzeko diagnostikoa egingo du Udalak, etorkizuneko zerbitzu publiko eta ekintza komunitarioak diseinatzeko 

Mendaroko Udalak 60 urtetik gorako herritarren bizi kalitatea sustatzeko lanketa abiarazi zuen joan den uztailean. Proiektuaren helburua da herritar nagusien gaur egungo eta etorkizun hurbileko beharrak, baliabideak, gabeziak eta dauden zerbitzuak identifikatzea, eta horren arabera etorkizuneko lan-ildoak eta proposamenak zehaztea.

Lanketaren bidez, zaintzaren eta hirugarren adinaren inguruan Mendaron dagoen errealitatea sakonago ezagutuko du Udalak, eta diagnostikoan antzemandako erronkei aurre egiteko Udalaren eta komunitatearen zeregina aztertuko da.

Enetz Ezenarro alkateak azaldu duenez, Mendaroko biztanleriaren zahartzeak eta datozen urteetako erronkek aurrez prestatu eta hausnartutako erantzunak eskatzen dituzte. Horregatik, ezinbestekotzat jo du herritarren errealitatea lehen eskutik ezagutzea eta 60 urtetik gorako pertsonen ahotsa eta esperientzia prozesuaren erdigunean jartzea.

Alkatearen esanetan, gainera, lanketak aurrera begirako ikuspegia izan behar du, datozen urteetan beharko diren zerbitzu eta ekimen komunitarioak identifikatzeko. Ildo horretan, zaintza eta ongizatea ez direla Udalaren ardura bakarrik nabarmendu du, eta komunitatearen inplikazioa ere beharrezkoa izango dela Mendaron pertsona nagusiek bizitza duina, autonomoa eta kalitatezkoa izan dezaten.

Herritarren egoeraren diagnostikoa

Prozesuaren lehen urratsa Mendaroko 60 urtetik gorako herritarren egoeraren diagnostikoa egitea izango da. Besteak beste, honako gai hauek aztertuko dira:

Bizitza-baldintza fisikoak eta oinarrizko beharrak asetzeko gaitasuna.
Ongizate eta bizitza-baldintza emozionalak.
Denbora librearen eta aisialdiaren ezaugarriak.
Bakardade egoeran dauden pertsonen ibilbideen eta egoeren elementu gakoak.

Diagnostikoa osatzeko, hainbat datu-bilketa eta ikerketa-teknika erabiliko dira. Alde batetik, errolda anonimoaren ustiapena eta azterketa egingo da, herritar nagusien errealitateari buruzko ikuspegi orokorra izateko.

Bestetik, elkarrizketa sakonak egingo dira, hirugarren adinaren inguruan dagoen imajinarioa ezagutzeko eta 60 urtetik gorako pertsonek bizitza duintasunez eta modu osoan garatzeko dituzten beharrak identifikatzeko.

Azkenik, galdetegi bat helaraziko zaie Mendaroko 60 urtetik gorako herritar guztiei. Horrela, aurreko faseetan jasotako balorazio, erronka eta proposamenen garrantzia herritarren artean neurtu ahal izango da.

Aurrera begirako proposamenak

Diagnostikoaren emaitzek Mendaroko adinekoen errealitatea hobeto ezagutzeko eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko lan-ildoak zehazteko balioko dute. Helburua da pertsona nagusien bizi kalitatea hobetzeko eta Mendaroko komunitatea indartzeko proposamenak jasotzea, herritarren behar eta ekarpenetan oinarrituta.

Aztiker soziologia ikerguneak burutuko du azterketa Mendaroko udalaren aginduz. Uztailean ekin zioten lanari Aztikerrekoek eta 2027ko hasierarako amaitzea aurreikusten da. Prozesuan jasotako informazioa eta herritarren ekarpenak izango dira ondorengo jarduera-ildoak definitzeko oinarria.