Link interesgarriak

Atzealdea Mendarok indarkeria matxista eta arrazista kasuetarako aholku eta jarraibide protokoloa landu du Santana jaietarako

• Aurtengo kanpainaren leloa hauxe da: "Mendaron ez da jarrera ez matxistarik ez arrazistarik onartzen”.

2023·07·17


Mendarok indarkeria matxista eta arrazista kasuetarako aholku eta jarraibide protokoloa landu du Santana jaietarako

  • Aurtengo kanpainaren leloa hauxe da: "Mendaron ez da jarrera ez matxistarik ez arrazistarik onartzen”.

Gaztetxeak, Gazte Asanbladak, Jai Batzordeak, ARNOk, askotariko emakumeek, norbanakoek, EAJk eta EH Bilduk, Udal Gobernuarekin batera, Santanako jaietan gerta daitezkeen indarkeria sexista eta arrazista kasuetarako protokoloa prestatzen eta aurkezten parte hartu dute. Aurtengo kanpainaren leloa hauxe da: "Mendaron ez da jarrera ez matxistarik ez arrazistarik onartzen”.

Horrela, aurreko udal-gobernuak indarkeria matxistaren sentsibilizazio- eta prebentzio-politiketan hasitako bideari jarraitzen zaio, jaietan ez ezik, egunerokoan ere.

Batzordetik herritarrak gonbidatzen ditugu jaiez askatasunez eta errespetuz goza dezaten. Horretarako, emakumeentzako jai-gune libre eta seguruak sortzeko baldintzak bermatu behar dira.

Jaiek gozatzeko denbora eta lekua izan behar dute bertan parte hartu nahi duten guztientzat. Hala ere, badakigu jaien testuinguruan egunerokoan bizi ditugun indarkeria matxista mota batzuk erreproduzitzen direla. Are gehiago, jai-giroetan, arau sozialak erlaxatu egiten dira, eta testuinguru horretan, badakigu eraso kopuruak gora egiten duela.

Horregatik, Mendarok argi utzi nahi du ez duela emakumeen aurkako indarkeria matxista onartzen, berdintasunezko jaiak nahi dituela, askatasunean, berdintasunean eta errespetuan oinarritutakoak, emakumeak aske izango diren jaiak eta inolako eraso matxista edo arrazistarik onartuko ez duten jaiak.

Gizarte osoaren konpromiso aktiboa eskatzen dugu gertakari horiei aurre egiteko; konpromiso hori ezinbestekoa da indarkeria matxistarekin behin betiko amaitzeko, emakumerik erasotua izan ez dadin, ez jaietan, ez eguneroko bizitzan.

Ildo horretan, beharrezkoa da gizonek jarrera aktiboa izatea eta haien erantzukizuna beren gain hartzea indarkeria matxista desagerrarazteko eta, batez ere, erasoen, tratu txarren eta sexu-indarkeriaren konplize ez izateko.

 

BIZI DITZAGUN JAIAK ASKATASUNEZ ETA PLAZEREZ!

INDARKERIA MATXISTAtzat joko dugu sozializazio binarioan eta genero ezberdintasunean jatorria duen indarkeria. Honen barne, indarkeria sexista (emakumeek emakume izateagatik jasaten duten indarkeria; duen helburua emakumeen kontrola eta haien gaineko nagusitasuna betikotzea da) eta beste indarkeria matxista batzuk (hau da, atxikita daukaten genero binario eta sexualitate eginkizun sozialei erantzuten ez dieten pertsonek pairatzen dituztenak. Homofobia, lesbofobia, transfobia eta intragenero indarkeria lirateke )

 

KANPAINA eta protokoloaren egitura

  1. Sentsibilizazioa

 

  • Kartelak eta protokoloa bera hainbat lekutan jarriko dira: tabernak, txoznak, dendak...etab. Gainontzeko karteleria ere zabalduko da herrian zehar.
  • Formakuntza saioa eskainiko da, “Indarkeria matxista, jaietan ere. Nola ulertu, nola artatu” . Edurne Izagirrek gidatuko du saioa. Saioa irekia izango da, baina bereziki gomendagarria tabernetako eta txoznetako langileentzat. Uztailaren 17an. 18:30etan. Udaletxeko pleno aretoan.

 

  1. Arreta:

 

  • Protokoloa bera.
  • 747 420 594 Telefonoz eta whatsappez tokiko arreta-zerbitzua martxan egongo da. Egunero arratsaldeko 20etatik goizeko 08etara. Ikusi kartela. Arreta profesionala eta erabat konfidentziala eta anonimoa.

 

  1. Eraso baten ondoren erantzun publikoa: eraso bat gertatuz gero erantzuteko edo ez erantzuteko ,gertakariaren ezaugarrien arabera, oinarriak adostuak izan dira.