Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Mendarok Hezkuntza Foroa abiarazi du herri hezitzailearen bidean
2026·01·23

Mendarok Hezkuntza Foroa abiarazi du herri hezitzailearen bidean
Mendaroko Udalak, Oin Herri elkartearen bidelaguntzarekin, herriko hezkuntza-eragileak bildu ditu, pasa den udazkenean, Mendaroko Hezkuntza Foroa, hau da, herrian hezkuntzaren inguruan diharduten eragile desberdinak bildu eta koordinatuko dituen foroa osatzeko. Hiru lan-saio egin ondoren, Mendarok herri hezitzaile gisa landuko dituen lehentasunezko erronkak zehaztu dira foro horretan.
Saio hauetan eskolako, Arno guraso elkarteko eta eskola kirolaz arduratzen den Abilion enpresako ordezkariek parte hartu dute, Udal teknikari eta zinegotziez gain eta elkarlanaren balioa azpimarratu dute. Foroa martxan jartzearekin batera 2026rako erronkak zehaztu dituzte: herriko erreken garbiketa komunitarioa eta ikasleek heldu eta adinekoekin elkarlanean garatuko duten baratza eta oilategi proiektua.
Datozen hilabeteetan erronka horiek garatzeko plangintza zehatza egingo da, eta Hezkuntza Foroa urtean hiru aldiz biltzea adostu da. Udalaren helburua ekimen hau bultzatzerakoan “herriko eragileen arteko sareak sendotzea eta hezkuntza ikuspegi parte-hartzailea bultzatzea” da, Enetz Ezenarro alkatearen hitzetan.
Otsailaren 3an bilduko da berriz Mendaroko Hezkuntza Foroa adostutako erronkak martxan jartzeko asmoarekin.
Hemen duzue Enetz Ezenarro alkateari egindako elkarrizketa bat: https://labur.eus/mkozk6ws