Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Mendarok aurrez-aurreko arreta izango du birgaitzea, alokairua eta energia-eraginkortasuna bultzatzeko herritarrentzat jarriko duen Debabarreneko Etxebizitza Bulegoarekin
2026·03·16

Mendarok aurrez-aurreko arreta izango du birgaitzea, alokairua eta energia-eraginkortasuna bultzatzeko herritarrentzat jarriko duen Debabarreneko Etxebizitza Bulegoarekin
Debegesak, Debabarreneko udalekin elkarlanean, eskualdeko etxebizitza-bulego ibiltari bat jarriko du martxan martxoaren 26an, herritarrei etxebizitzen eta eraikinen birgaitzeari eta alokairurako eta energia-eraginkortasunerako laguntzei buruzko informazioa, orientazioa eta laguntza emateko.
Etxebizitza Bulegoa, Mendaron egongo da hileko azken ostegunetan, 8:15etik 12:15era, Herriko Enparantza 10, behea helbidean. Arreta-gune berri horri esker, Mendaroko herritarrek aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua izango dute eskura, modu hurbil eta pertsonalizatuan.
Eskualdeko bulego ibiltariaren jarduera nagusiak
Zerbitzu berriaren funtzioen artean hauek nabarmentzen dira:
- Herritarrei informazioa, orientazioa eta laguntza ematea etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko Etxebideren laguntzen eskabideak aurkeztean, bai eta beste laguntza osagarri batzuei buruzko informazioa ere (EEE, udal-laguntzak, besteak beste), auzo-komunitateei nahiz pertsona partikularrei zuzendutakoak.
- Etxebizitza hutsen alokairua bultzatzea, Eusko Jaurlaritzak eta udalek alokairua sustatzeko dituzten programak ezagutaraziz eta zabalduz, bai jabeei, bai balizko errentariei.
- Gizarte-bonu elektrikoari eta termikoari buruzko informazioa eta aholkularitza, bai eta energia-horniduren (elektrizitatea, gasa...) fakturak eta tarifak optimizatzeari buruzkoa ere, energia-gastua murrizteko fakturak errazago uler daitezen.
- Energia berriztagarrien instalazioen eta birgaitze jasangarriko jardueren inguruan informatzea eta sentsibilizatzea, etxebizitza-eredu eraginkorragoa eta jasangarriagoa sustatuz.
Arreta egokia bermatzeko, aldez aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen da. Mendaroren kasuan, interesa dutenek 675 873 853 (Leire Azpiazu) telefono mugikorrera deitu beharko dute hitzordua hartzeko.
Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arduradunak azaldu duenez, “ekimen honen helburua da dauden laguntza publikoetarako sarbidea erraztea, alokairurantz bultzatzea eta birgaitze jasangarria sustatzea, etxebizitzen eraginkortasun energetikoa hobetzen lagunduz”. 1998az geroztik, Debegesak, Debabarreneko Birgaitzeko Hirigintza Elkartea den aldetik, hiria birgaitzeko zerbitzu integrala eskaintzen du, herritarrak kontzientziatzeko eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeak dakartzan abantailez, eta auzo-komunitateei, jabeei edo inkilinoei eraikinak eta etxebizitzak birgaitzen laguntzeko. “Eskualdean indar handia duen zerbitzua da. 2025ean, esaterako, Debabarreneko 1240 lagunek egin zituzten zaharberritze lanei buruzko kontsultak.”