Eduki publikatzailea
Berriak
Atzealdea Mendaro Martxan elkartea sortu da, Mendaroko merkatari, ostalari eta zerbitzuetako establezimenduak batzeko
2026·02·05

Mendaro Martxan elkartea sortu da, Mendaroko merkatari, ostalari eta zerbitzuetako establezimenduak batzeko
Mendaroko merkatari, ostalari eta zerbitzuetako jabeek, Mendaroko Udalak eta Dendartean Gipuzkoako dendari elkarteen elkarteak bultzatutako ekimena
Gaur egun, 11 bazkide ditu elkarteak baina ateak irekita dauzka interesa izan dezakeen beste edonork izena eman dezan
Kontsumo-ohituren eraldaketa, biztanleriaren zahartzea eta kanal digital berrien zein kanpoko merkataritza-guneen lehia gero eta handiagoa diren testuinguru honetan, Mendaroko Udalak Plangintza Estrategiko bat jarri zuen abian 2025eko udaberrian, tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak biziberritzeko helburuarekin. Prozesu hau Dendartean Gipuzkoako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen Elkartearen laguntzarekin eta Mendaroko merkatariekin elkarlanean garatu da.
Plangintza Estrategikoa bi fasetan egituratu zen: lehenengoa, diagnosiari eskainia, eta bigarrena, ekintza-planaren definizioan oinarritua. Lehen fase horren baitan, Mendaroko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduen jabeen zein herriko kontsumitzaile eta kontsumitzaile potentzialen artean inkestak egin dira, egungo egoeraren inguruko informazio zehatza jasotzeko. Bildutako datu horietan oinarrituta, Dendarteanek Mendaroko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen egungo egoeraren diagnosi-txostena landu du. Urtarrilaren 29an aurkeztu zitzaizkien dendari, ostalari eta zerbitzu-jabeei, udaletxean egindako bileran, txosten honek jasotzen dituen emaitzak.
Diagnostikoak agertoki konplexua erakusten du, baina aldi berean aukera esanguratsuak dituela azpimarratzen du. Indargune nagusiak giza kapitalean eta tokiko bizi-kalitatean kokatzen dira: gertuko tratua eskaintzen duten merkatari profesionalak, bezero fidelak eta herriaren izaera hurbila. Ahulezien artean, berriz, merkataritza-eskaintza mugatua, gastu-ihesa eta kontsumo-ohitura berrietara egokitzeko zailtasunak identifikatu dira.
Aldi berean, aukera argiak antzeman dira, hala nola biztanleria flotatzailearen potentziala aprobetxatzea, enpresen arteko lankidetza sustatzea, online salmenta eta sustapen digitala txertatzea, edota Mendaro bereiziko duten nitxo espezifikoak garatzea, tokiko produktuekin edo hurbileko turismoarekin lotuta. Mehatxu nagusien
artean, establezimenduen titularren zahartzea, kanpoko merkataritza-guneen lehia gero eta handiagoa eta epe ertainera belaunaldi-erreleborik ez izateko arriskua azpimarratu dira.
Diagnostiko-prozesua aurrera joan ahala, agerian geratu zen beharrezkoa zela Mendaroko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak dinamizatuko zituen egitura bateratu bat sortzea. Ildo horretan, merkatari, ostalari eta zerbitzuetako jabeek adostu zuten elkarte bat sortzea, ekimenak modu koordinatuan garatu ahal izateko eta instituzio publikoek eskaintzen dituzten dirulaguntzetara aurkezteko aukera izateko.
Helburu horrekin sortu da Mendaro Martxan elkartea, Mendaroko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuetako establezimenduak biltzen dituena. Gaur egun, 11 establezimenduk osatzen dute elkartea, baina ateak zabalik daude oraindik izena eman nahi duten gainerako establezimendu guztientzat.
Mendaroko Udalaren iritziz, elkarteak ahalik eta bazkide gehien izatea funtsezkoa da, batasunak indar handiagoa ematen baitio tokiko merkataritzaren aldeko ekimenei. Elkarte sendo batek aukera emango du herriko merkataritza txikiari bizitasun handiagoa emateko, negozio txikien lehiakortasuna hobetzeko eta gure herriko biziarentzako hain garrantzitsuak diren establezimendu hauei etorkizunerako perspektiba hobeak zabaltzeko.
Azpimarratzekoa da, Dendarteaneko teknikarien bidelaguntzaz gain, Mendaro Martxan elkarteak Eusko Jaurlaritzako Merkasaretza – Merkataritza Laguntzeko Euskal Sareko teknikarien etengabeko laguntza izango duela, elkartearen bideragarritasuna eta egonkortasuna bermatzeko.
Horrenbestez, Mendaroko Udalak dei egiten die oraindik Mendaro Martxan elkarteko bazkide ez diren establezimenduei informatzeko eta ekimen honekin bat egitera animatzeko, herriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen etorkizuna elkarrekin eraikitzeko. Udaleko herritartasun sailera jo dezakete informazio eske.