Eduki publikatzailea

Berriak

Atzealdea Mendaro eta Elgoibarko Ekiola proiektua martxan jartzeko prest

.

2025·03·12


Mendaroko eta Elgoibarko Udalek Ekiola Energia Sustapenak, S.L.rekin plaka fotovoltaiko bidezko energiakooperatiba bat bultzatu eta herritarrei, tokian bertan ekoiztutako energia berdea eta jasangarria, eskuratzeko aukera emateko lankidetza-protokoloa sinatu zuten 2023 hasieran. Bi urte baino gehiago igaro dira geroztik, baina hilabete luzeetako lanaren ondoren azken urratsak ematen ari dira proiektuak aurrera egin ahal izateko. Udalek eta sustatzaileek baieztatu dute proiektuak bideragarritasun fasea gainditu duela eta berehala martxan jarriko dela. Proiektua 600 bat familiarentzat bideratuta egongo da.

Ekiola, Energiaren Euskal Erakundearen eta KREAN ingeniaritzaren arteko lankidetzaren emaitza da. Kooperatiba ereduan oinarritzen da, eta helburua Mendaro eta Elgoibarko herritarrek beren energia sortu eta autohornikuntza bultzatzea da, horretarako eguzki energia erabiliz.

Proiektuak honako ezaugarriak ditu:

• Azalera: 21.129 m²

• Xede potentzia: 2 MWp, urtean 2.400 MWh-ko ekoizpenarekin

• Panel kopurua: 2.000 unitate

• Kokapena: Mendaro eta Elgoibar artean

Parte-hartzea hiru fasetan gauzatuko da: lehenengo fasean Mendaro eta Elgoibarko herritarrek izango dute lehentasuna; bigarren fasean, Danobatgroup taldeko langileei zabalduko zaie aukera; eta hirugarren fasean, instalazioaren inguruko 25 kilometroko eremuko bizilagun guztiek parte hartu ahal izango dute.

Danobatgroupek, proiektuaren hasieratik, bere laguntza eskaini du, eta egitasmo hau errealitate bihurtzeko ekarpena egin du. Horrela, IPDK funtsetatik 120.000 euro bideratu dira proiektuaren hasierako gastuetarako.

EKIOLA Mendaro-Elgoibar proiektuak energia berriztagarrien erabilera sustatzeko eta ingurumenarekiko erantzukizunez jokatzeko aukera eskaintzen du. Laster, eguzki energia bidezko hornikuntza autokudeatzeko aukera izango dute bizilagunek, herritarren energia burujabetza indartuz.