Link interesgarriak

Atzealdea Martxan daude Santa Anako trenbide-pasagunea babesteko neurriak

Mendaroko Udala Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarekin harremanetan jarri ondoren, herriko trenbide-pasagunearen arriskuari konponbide bat emateko eskaerak erantzun positiboa izan du.

2024·06·10


Martxan daude Santa Anako trenbide-pasagunea babesteko neurriak

Mendaroko Udala Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusiarekin harremanetan jarri ondoren, herriko trenbide-pasagunearen arriskuari konponbide bat emateko eskaerak erantzun positiboa izan du.

2024ko apirilaren 17an Mendaroko Udaleko alkatea, Enetz Ezenarro, harremanetan jarri zen Euskal Trenbide Sareko Zuzendari Nagusiarekin herriko trenbide pasaguneen egoerari buruzko kezka adierazteko. Izan ere, Mendaron Euskal Trenbide Sareko lau trenbide-pasagune daude gaur egun: Santa Ana pasagunea, Erramone pasagunea, Igartuzarra pasagunea eta Bigoate pasagunea. Pasabide hauetan ez dago oinezko eta kotxeentzako inolako hesi ez babesik. Egoera hau arriskutsua da, behin baino gehiagotan ikusi dugun moduan, herritarren segurtasuna arriskuan ipintzen du eta.

Aipatutako lau trenbide-pasabide horien artetik, hain zuzen ere, Santa Anakoa da udala gehien arduratzen duena, oinezko zein ibilgailuen zirkulazio handiena duelako. Gainera, elkarren oso segidan datozen bi bihurguneren artean kokatuta dagoenez, trenbide-pasabide honen kokapena bereziki arriskutsua da, bai alde batera eta bai bestera oso ikuspegi mugatua duelako. 

Euskal Trenbide Sareari egindako proposamena Santa Anako bi pasabideen nibelak bereiztea izan zen, eta hori egiten ez den bitartean, arriskua adierazten duten soinu eta argiek lagunduta, trena datorrenean igo eta jaisten diren hesiak lehenbailehen  jartzea gerta daitezkeen istripu larriak ekiditeko. Bestalde, Mendaroko gainontzeko trenbide-pasabideetan ere segurtasuna hobetuko luketen neurrien azterketa egiteko eskaera ere egin zizaion.

Maiatzaren 24ean jaso zuen Mendaroko Udalak Euskal Trenbide Sareko Zuzendari Nagusiaren erantzuna. Santa Anako trenbide-pasagunearen kasuan, egokitzapen soluzio bat diseinatzen ari dira. Erabiltzaileen aldeko ohartarazpena duen babes automatikoa izango da, eta, seinale finkoez gain, seinale akustiko argitsuak ere baditu, pertsonei trenbide-zirkulazioen hurbilketaren berri emateko. Erakundearen aurreikuspena obra denbora gutxi barru lizitatzea da, urtea amaitu baino lehen hasi ahal izateko.

Enetz Ezenarro alkateak dioenez: “Mendaroko Udaletik, mendaroarren egunerokoa hobetzea da gure lehentasuna. Errepideetako eta bideetako segurtasuna funtsezkoa da jendearen eguneroko joan-etorrietarako, eta badaude hobetu beharreko zenbait gune. Horietako bat da Santa Ana bidean dagoen trenbide-pasagunea, sarriegitan arrisku egoerak sortzen diren puntua. Gune hori egokitu eta seguruagoa egitea garrantzitsua iruditzen zaigu. Aurrerantzean ere herriko beste puntu arriskutsu batzuk aztertu eta hauentzat irtenbideak bilatzen jarraituko dugu.”.