Link interesgarriak
2021·06·10
Martxan da Mendaroko gazteei zuzenduriko alokairurako diru-laguntza lerroa
- Laguntza hori eskuratzeko baldintza nagusiak izango dira 18 eta 35 urte bitarte izatea, jabetzako etxebizitzarik ez izatea eta gutxienez azken bi urteetan Mendaron erroldatuta egotea, besteak beste.
- Interesdunek jada eskaera egiteko aukera zabalik dute presentzialki udaletxean bertan, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan, baita telematikoki ere, www.mendaro.eus webgunearen bitartez.
- Helburua da herriko gazteei alokairuko etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eskaintzea, modu horretara haien emantzipazioa eta autonomia bultzatzeko.
Gaur egungo gazteek, arrazoi desberdinak medio – krisialdi ekonomikoa, prekarietate laborala, etxebizitzen eta alokairuen prezio altuak – emantzipatzeko dituzten zailtasunen jakitun izanik, Mendaroko Udalak, mendarotar gazteei zuzenduriko alokairurako diru-laguntza lerroa jarri du martxan, modu horretara, alokairuko etxebizitza eskuratzeko erraztasunak eskaini eta haien autonomia bultzatzeko.
Laguntza horren bitartez etxebizitza alokatzeagatik ordaindu beharreko hileroko kuota lagunduko da diruz, eta kasu honetan, kontuan hartuko diren errentak 2020 urtekoak eta ondorengoak izango dira.
Iñaki Arregui alkateak azaldu duenez, udalaren asmoa da herriko ahalik eta gazte gehienei emantzipatzeko aukera eskaintzea: “Egungo egoerak are zailago egin du oraindik gazteek emantzipatzeko aukerak izatea, horregatik, ezinbestekotzat jo dugu, Udalak dituen baliabideekin, gazteei laguntza eskaintzea. Momentuz 3.000€ko aurrekontua dugu jasoa, baina laguntza lerroren harreraren arabera, beharrezkoa balitz, aurrekontu hori handitzeko aukera aztertuko dugu, mendaroar gazte guztiek izan dezaten laguntza horretaz gozatzeko aukera”.
Diru-laguntza eskatzeko bete-beharreko baldintza nagusienak ondorengoak dira:
- 18 eta 35 urte bitartean izatea.
- Jabetzako etxebizitzarik ez izatea.
- Elkarbizitza unitateko kide bat gutxienez 2 urtez Mendaron erroldatuta egotea.
- Bizikidetza unitatea osatzen duten pertsona guztiak diru-laguntzaren xede den etxebizitzan erroldatuta egotea.
- Elkarbizitza-unitateko kide guztiek Etxebide alokairua eskatzeko erregistro ofizialean izena emanda edo izena emateko eskaera eginda izatea.
- Diru-sarrerak:
- Elkarbizitza unitatea kide bakarrekoa denean urteko gutxienez 10.000€ gordin baino gehiagoko eta 28.000€ gordin baino gutxiagoko diru-sarrera izatea.
- Elkarbizitza unitatea bi kide edo gehiagokoa denean urteko gutxienez 18.000€ gordin baino gehiagoko eta 44.000€ gordin baino gutxiagoko diru-sarrera izatea.
Ildo beretik, dirulaguntzaren zenbatekoa diru-sarreren araberakoa izango da eta pertsona edo bizikidetza-unitate onuradun bakoitzari emandako gehienekoa 250 euroko laguntza izango da.
Aurrez aipatu bezala, diruz lagunduko da alokairuko hileroko kuotaren ordainketa, kasu honetan, 2020 urteari dagozkion kuotak eta ondorengoak. Edozein kasutan, laguntza hori jaso ahal izateko alokairuaren prezioak ezingo du 700€ bainoa altuagoa izan. Urteko errentei dagozkien ordainketak, halaber, hiruhileko aurreratuetan ordainduko dira urtarrila, apirila, uztaila eta urria amaitzean.
Diru-laguntza lerro honetatik kanpo geldituko dira, halaber, 2019ko alokairu kontratuak eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko programari, Bizigune programari, etxebizitza libreak alokatzeko merkatuko bitartekaritza-programei, ASAP programari edo antzekoei loturiko etxebizitzak, baita urtebetetik beherako alokairu kontratuak ere.
Interesdunek jada eskaera egiteko aukera zabalik dute presentzialki udaletxean bertan, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan, baita telematikoki ere, www.mendaro.eus webgunearen bitartez. Azken kasu honetan, beharrezkoa izango da ziurtagiri elektroniko bat izatea (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela…). Etxebizitza bakoitzeko eskaera bakarra onartuko da.
Aurkeztu beharreko dokumentazioaren zein laguntza deialdiaren inguruko informazio gehigarri eskuragarri dago www.mendaro.eus webgunean.