Link interesgarriak

Atzealdea Mankomunitateak Urruzunoko zabortegiaren behin betiko itxiera lanak kontratatzeko prozesua hasi du, obren aurreko lanak amaituta

1
● Obrak hasi aurreko lanak amaituta, abenduaren 23an hasi zen Urruzunoko zabortegia ixteko obra-zuzendaritza, geosintetikoen kontrola eta obra bera kontratatzeko prozesua, 1.507.556 euroko lizitazio-aurrekontuarekin. Behin betiko obra maiatzean hastea espero da, eta 6 hilabeteko iraupena izango du.

2021·01·15


Mankomunitateak Urruzunoko zabortegiaren behin betiko itxiera lanak kontratatzeko prozesua hasi du, obren aurreko lanak amaituta

  • Obrak hasi aurreko lanak amaituta, abenduaren 23an hasi zen Urruzunoko zabortegia ixteko obra-zuzendaritza, geosintetikoen kontrola eta obra bera kontratatzeko prozesua, 1.507.556 euroko lizitazio-aurrekontuarekin. Behin betiko obra maiatzean hastea espero da, eta 6 hilabeteko iraupena izango du.
  • Iosu Arraiz, Mankomunitateko lehendakaria: “Debabarrena eskualdean jasangarritasunaren alde lan egiten jarraitzen dugu eta Urruzunoko zabortegia kontrol neurri guztiekin itxiko da eta eremua berreskuratu. Zabortegia zigilatzeak, ixteak eta ingurua berreskuratzeak amaiera ematen dio gure eskualdeko hiri-hondakinen zabortegien aroari. Hurrengo urteetan birziklapenean aurrera-pausuak ematen jarraituko dugu herritarrekin batera.”

 

Elgoibarko Urruzuno zabortegi zaharreko 2. gunea behin betiko ixteko eta ondoren ingurumena berreskuratzeko obrak kontratatzeko prozesua abiaraztea onartu zen abenduaren 23an egindako ezohiko batzar orokorrean. Eremu hori zigilatuta, zabortegia erabat itxi eta ingurumena berreskuratuko litzateke, 1. gunea 2013an itxi baitzen.

Obrak hasi aurretik egin beharreko lanak amaitu dira dagoeneko. Lurzoruaren Txostena, kontrol topografikoa, lurpeko uren eta lixibiatuen analisiak eta gasen analisia egin dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Urruzunoko itxiera eta ingurumen-berreskuratze lanei 2016an emandako Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritakoari jarraituz.

Iosu Arraiz Mankomunitateko lehendakariak nabarmendu du pausu garrantzitsua izango dela Urruzunuko zabortegiaren itxiera bere osotasunean eta ingurunearen leheneratze lanak burutzea: “Debabarrena eskualdean jasangarritasunaren alde lan egiten jarraitzen dugu eta Urruzunoko zabortegia kontrol neurri guztiekin itxiko da eta eremua berreskuratu. Birziklapenean aurrera egiten jarraitzen dugu, %70eko tasa jomuga, eta gero eta hondakin ez-berziklagarri gutxiago sortzen dugu. Ez dugu zabortegien beharrik, hondakinei bigarren bizitza bat emateko ahaleginean dihardugu eta, gero eta gehiago esan bezala. Hurrengo urteetan birziklapenean aurrera-pausuak ematen jarraituko dugu herritarrekin batera, eta birziklagarria ez den hondakina Zubietan kokatutako Gipuzkoako Hondakinen Gunera bideratuko dira”. Berretsi du “Urruzunoko zabortegia zigilatzeak, ixteak eta ingurua berreskuratzeak amaiera ematen dio gure eskualdeko hiri-hondakinen zabortegien aroari”.

Behin lan horiek amaituta, bi prozesu kontratatuko dira: alde batetik, obra zuzentzea eta geosintetikoen kontrola, eta, bestetik, obra bera egitea. Lizitazioaren gehieneko prezioa 129.205 eurokoa izango da obra zuzendaritzarako eta geosintetikoen kontrolerako, eta 1.378.350,50 eurokoa obretarako.

Zabortegia zigilatzeko azken sekuentzia honako geruza hauek osatuko dute (goitik behera): 15 cm-ko belar-landaredia, 60 cm-ko buztina, 30 cm-ko legar edo hondar geruza drainatzailea, 1,5 mm-ko dentsitate handiko polietilenozko (PEAD) geomintza eta 60 cm-ko bentonita. PEAD geomintza behar bezala jartzea oso urrats garrantzitsua da zigilatze-prozesuan, hori baita azaleko urak zabortegitik perkolatzea eta ibaian behera lixibiatuak sortzea saihestuko duen mintza. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eskatzen du kanpoko enpresa bat arduratu dadila mintz horien kalitatea onena dela ikuskatzeaz eta behar bezala jarrita daudela ziurtatzeaz, pitzadurarik gabe.

Guztiz itxi ondorengo erabilera

Mankomunitateak 2021ko maiatzean hasita, sei hilabetetan zigilatze eta ingurumena berreskuratzeko lanak amaitzea espero du, hau da, urriaren amaierarako amaituta egotea. Behin obra bukatuta, lekua Mankomunitatearen materialen biltegi gisa erabili nahi da: edukiontziak, makina-garbitzaileak , etab. Proiektuak hormigoizko zolata bat eraikitzean datza, kamioiak eta furgonetak eroso moldatzeko eta aipatutako logistika-lanak egin ahal izateko.

Mugarri historikoa

Urruzunoko zabortegia zigilatzeak, ixteak eta ingurumena berreskuratzeak amaiera ematen dio gure eskualdeko hiri-hondakinen eta hondakin geldoen zabortegien aroari. 80ko hamarkadan hasi ziren eskualdeko hondakinen zati bat Aranbeltz errekaren ibarbidean uzten. 2001ean 1. gunea bete zenean, zabortegia handitu eta hondakinak botatzen jarraitu zen, kasu honetan hondakin geldoak, 2006ra arte.

Ordutik hona, egoera asko aldatu da: eskualdeko gaikako bilketa-tasa nabarmen handitu da %55era iritsi arte, eta gainerakoa Zubietako ingurumen-gunera eramaten da. Bertan, tratamendu mekaniko-biologikoko instalazioetan ahal dena aprobetxatzen da, eta gainerakoa balorizazio energetikoko intalazioetan tratatzen da.

1